Ingurumena

Espainiako Gobernuak ukatu egin du pinudiak fumigatzeko baimena

Jaurlaritzak eta hiru diputazioek helegitea jarri diote erabakiari, eta, bien bitartean, oxido kuprosoa probatuko dute 1.050 hektareatan

jarraia163432.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 28a
19:48
Entzun

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ez du baimendu xingola marroia eta gorria duten pinudiak kobrearekin airez fumigatzea. Joan den urteko urriak eskatu zioten oniritzia Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek. Ezetzari helegitea jarriko diotela iragarri dute, uste dutelako tratamenduak ez duela "kalterik eragiten ingurumenean" eta "eraginkorra" dela. Hala ere, bien bitartean Neikerrek sortutako beste tratamendu bat probatuko dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.050 pinudi hektareatan: oxido kruposoa erabiliko da izurriteari aurre egiteko.

Lurrean oxido kruposoa zabaltzeko baimena eskatu da Nekazaritza Ministerioan. Baina ez dute lortzeko arazorik izango. Izan ere, tratamenduaren diseinuan ministerioak berak ere hartu du parte, euskal erakundeekin, EHUrekin eta Ura uraren agentziarekin. Etengabe ebaluatuko dituzte tratamenduaren eraginkortasuna eta izan ditzakeen ondorioak. 2020tik aurrera modu zabalagoan erabili ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzak uste du tratamendu hau ezin dela aire bidezko fumigazioaren alternatiba izan. Batez ere, kostu ekonomiko "altuak" kentzen dio erabilgarritasuna. "Kobrea da xingolaren hedapena geldiarazten duen produktu bakarra, datu zientifikoek hala egiaztatuta. Gainera, Landerren Babeserako Europako Agentziak eta Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak ere baieztatu dute ahalmen hori", nabarmendu dute Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, hedabideetara bidalitako oharrean.

Foru aldundiek basoko egurraren sektorerako dituzten diru laguntza planak egokituko dituzte, sektorearen galerak apaltzeko. Neiker beste tratamendu biologiko bat lantzen dabil; baita hobekuntza genetikoa lantzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.