bizikidetza

Etxerat-ek “begirunea eta enpatia” agertu die indarkeriaren biktima guztiei

Presoen eta iheslarien senideen elkarteak “bizikidetzari ekarpena” egin nahi dio gaur aurkeztutako dokumentuarekin. ETAren biktimei “barkamena” eskatu die, haien “minaren aurrean isiltasuna” gorde duelako eta “urrun” egon delako.

Etxerat elkarteko kideak, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 1a
09:32
Entzun

“Bortxaren era guztietako adierazpenen biktima ororekiko aitorpena, begirunea eta enpatia agertzen ditu Etxerat-ek”. Hala esan du, gaur, euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteak Donostian, “bizikidetzari ekarpena” egiteko asmoz aurkeztu duen dokumentuan. Sarrera baten ondoren, bi orrialdekoa da agiria. Miramar jauregian egin dute agerraldia, hedabideen aurrean.

Etxerat-ek dio, “bortxa mota ororen biktima izan diren guztiei gertatu zaien moduan”, elkarteko kideek “urte askoan” sentitu dutela gizartearen zati baten eta haren ordezkari politikoen “indiferentzia”. “Horrek, geure burua babestera eta besteen minaren aurrean isiltasuna gordetzera eraman gaitu; besteengana hurbiltzeko eta haiei enpatia adierazteko gai ez izatera”. Ondorioz, “zinez eta benetan barkamena” eskatu du, bere “urruntasunaren bidez areagotu” egin ahal izan duelakoan “ETAren biktimek jasan behar duten mina”.

Aitortu du espetxe politikan “ETAren biktima asko aurrerapauso bat” ematen ari dela, bestelako eredu bat aldarrikatzen ari direla esanda. “Egiaz eskertu nahi diegu sufritzen dugunokiko agertzen duten enpatia eta hori eskuzabaltasunez egitea, trukean ezer espero gabe”.

Belaunaldi berriek “gatazka politikoaren ondorioak sufri" ez ditzatela eskatu du Etxerat-ek, eta ”elkar entzuten” segitzera dei egin du. “Zubiak eraiki beharra daukagu, eta kontakizun poliedriko batera hurbilduko gaituen bidean askotariko kontakizunak azaleratu beharra. Benetako bakerantz eta bake iraunkorrerantz doan bidea babesten duen gizarte bati guztion artean egin diezaiokegun ekarpenik onena da”.

Gaur aurkeztutako dokumentua, elkarteak azkeneko urteetan “bizikidetza sendotzeko eta gatazka politikoa ebazten laguntzeko” daraman prozesu baten ondorioa da, azaldu duenez. Badira urte batzuk lan horri ekin ziola. Esaterako, joan den urrian, urrats berritzaile bat egin zuen: Fernando Buesa Fundazioaren topaketetara joan zen, Gasteizera, antolatzaileek gonbidatuta.

Miramar jauregiko agerraldian, Etxerat-eko bost lagun izan dira: Ibon Garate, Peru del Hoyo —bi horiek leitu dute testua—, Gorka Garcia, Patrizia Velez eta Urtzi Errazkin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.