'Euskaldunon Egunkaria'
'Euskaldunon Egunkaria'-ren hemeroteka, sarean ikusgai
Egunkaria-ren hemeroteka digitala aurkeztu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. 200.000 orrialde, 3.789 zenbaki dira digitalizatutakoak; kazetaren sorreratik itxierara bitarteko guztiak.

Euskaldunon Egunkaria-ren hemeroteka digitala osatu du BERRIAk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearekin eta Gureak enpresarekin elkarlanean. Gaur egingo dute aurkezpen ekitaldia jendaurrean, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturuneko hitzaldi aretoan. Aurkezpenean, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak, Joan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkaria-ren lehendakariak eta Idurre Lazkano BERRIAko zerbitzuburuak hartuko dute parte, Koldo Mitxelenako ordezkariekin batera. Aurrez, 10:00etan egin dute agerraldi bat, egindako lana aurkezteko.
'Euskaldunon Egunkaria'-ren hemeroteka digitalizatu du Gipuzkoako Foro Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturuneak. Orain ari dira aurkezten @berria pic.twitter.com/a1sg5YQeZP
— Jon O. Urain (@olano_urkia) 2019(e)ko martxoaren 1(a)
1990eko abenduaren 6an argitaratu zen Egunkaria-ren lehen zenbakia, eta 2003ko otsailaren 20an, azkena. Guardia Zibilak itxi zuen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Hamabi urte pasa horietako albiste eta artikuluak sarean dira ikusgai —BERRIAren webgunean ikusi ahal izango da Egunkaria-ren hemeroteka digitala—.
Denis Itxasok egin du goizeko ekitaldiko hitzaurrea, eta Egunkaria-k euskarazko informazioari eginiko "itzelezko ekarpena" nabarmendu du: "Euskal kulturaren ondarearen gordailu bibliografiko izateko bokazioa daukagu". Instituzio gisa, "ohorea" dela esan du, proiektu honetarako konfiantza eman dietelako Koldo Mitxelenako teknikariei. Torrealdaik, berriz, Egunkaria-ren historia ekarri du gogora; besteak beste, Ajuria Eneako Itunaren garaian, eta Egunkaria "ez-demokraten aldean" kokatu zutela zenbaitek: "Egunkaria bizirik dago, egin zigutenagatik eta, batez ere, egin genuenagatik. Gaur ere esango dugu: Itxia, baina ez isildua".
200.000 orrialde, 3.789 zenbaki dira digitalizatutakoak. 1990eko abenduaren 6tik 2003ko otsailaren 20rako zenbaki guztiak. Idurre Lazkano BERRIAko zerbitzuburuak eman ditu webgunearen inguruko azalpenak. Bilatzen sistema erraz bat jarri nahi izan dute, eta egunaren arabera edo hitzak bilatuz egin daitezke bilaketak, hitz batekin edo gehiagorekin.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.