Enpresak

Irizarrek prest du bere kamioi elektrikoa

Hiri barruko lanak egiteko prestatuta dago, eta FCCrekin batera garatu dute.

Irizar ie truck kamioi elektrikoa. IRIZAR
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 1a
10:04
Entzun

Irizar Ie Truck izena du kooperatibaren kamioi elektrikoak, eta Adunako lantegian (Gipuzkoa) egiten dute, autobus elektrikoekin batera. Iazko maiatzean inauguratu zuten lantegi hori, eta orduan iragarri zuten kamioi elektriko bat egiteko asmoa zutela.

Ibilgailua prest dute, eta joan den astean aurkeztu zuten lehen aldiz, Bilbon, hirigintza jasangarriari buruzko SUM kongresuan.

FCC Espainiako eraikuntza eta zerbitzu enpresa handiarekin batera garatu du ibilgailua Irizarrek. Izan ere, FCCk ematen dituen zerbitzuetarako erabil daitekeen kamioi bat da, hala nola garbitzeko, zaborra biltzeko eta ureztatzeko. "Ez du inolako kutsadura atmosferikorik eta akustikorik sortzen. Zarata txikia ateratzen duela eta, gauez lanean aritzeko aukera ematen du, eta zirkulazio handieneko orduetan trafikoa murriztea ahalbidetzen du", nabarmendu du Irizarrek, prentsa ohar batean.

Teknologia propioa

Gipuzkoako kooperatibak garatutako teknologia propioa erabiltzen du Irizar Ie Truck-ek. Harenak dira trakzioa, energia biltzeko sistemak, kontrol elektronikoa eta beste sistema guztiak.

Kabina hirian ibiltzeko diseinatu dute, eta igotzeko eskailera maila bakarra du, gidariari eta laguntzaileei segurtasuna emateko. "Igotzeko altuera txikiena duen merkatuko ibilgailua da", azaldu du Irizarrek. Lau lagunentzako lekua du.

Bilbon aurkeztu zuen modeloa zortzi metro luze zen, eta hemezortzi tona garraia ditzake. Badu beste berezitasun bat: hirian modu elektrikoan ibiliko da, baina autonomia luzatzeko aukera ematen duen erreketa motor bat ere badauka, gas naturalarekin funtzionatzen duena. Bertsio guztiz elektrikoak ere prestatzen ari da Irizar, hainbat zereginetarako.

"Bere moldakortasun eta malgutasunagatik", hiriko lanetarako ez ezik, beste zerbitzu batzuetarako ere egokia dela dio Irizarrek. "Gaur egun existitzen diren karrozeria guztiak instalatzeko modua ematen du, ia-ia egokitzapenik egin gabe". 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.