Musika

Andre Previn konpositore eta orkestra zuzendaria hil da

Zinemarako musika ugari idatzi zuen, eta lau alditan irabazi zuen Oscar saria.

Andre Previn, 2002an. J.C. CARDENAS / EFE
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 1a
16:02
Entzun

Atzo hil zen Andre Previn, LInda Petrikova bere managerrak The New York Times aldizkariari jakinarazi zionez. 89 urte zituen, eta musikari lotutako bizitza luze bat utzi du atzean.

Batez ere, zinemarako eginiko lanak egin zuen ezagun Previn. Izan ere, lau alditan irabazi zuen soinu banda onenari dagokion Oscar saria. Gigi (1958), Porgy and Bess (1959), Irma la Douce (1963) eta My Fair Lady (1964) filmetako eginiko musika saritu zioten, baina 11 alditan egon zen izendatua sari hori eskuratzeko.

[youtube]https://youtu.be/j_4ZlVBAr4I[/youtube]

Hollywooden prestigio handia bazuen ere, gerora nahiago izan zuen musika klasikora jo, eta horrek Londresko Orkestra Sinfonikoa zuzentzera eraman zuen. Hain zuzen ere, orkestra horreko zuzendariak, Kathryn McDowellek, samina erakutsi du Previnen heriotza dela eta: "Londresko Orkestra Sinfonikoaren parte oso inportantea izan da Andre Previn".

Previn Berlinen jaio zen 1929an, eta hiri horretako kontserbatorioan hasi zen ikasten 6 urte zituela. Handik gutxira, ordea, nazien gorakadarekin, bere familiak lehendabizi Parisera eta gero Los Angelesera (AEB) egin zuen ihes. Hain zuzen ere, 1943an estatubatuar herritartasuna lortu zuen Previnek.

Oso gazte hasi zen musika idazten eta interpretatzen, eta 16 urterekin, 1945ean, bere lehen jazz diskoa kaleratu zuen. Hurrengo urtean, berriz, Metro Goldwin Mayer zinema ekoiztetxearentzat lanean hasi zen. Lehenengo konponketak eginez, eta gero konpositore gisa. Urte haietan film ugarirentzako musika idatzi zuen, baina ez zion utzi jazz diskoak argitaratzeari. Eta zaletasun hori bere ibilbideko azkeneko partean ere landu zuen. Hala, Ella Fitzgeraldekin (1983) eta Joe Pass & Ray Brownekin (1989) lan bana grabatu zuen, eta George Gershwin eta Duke Ellingtonen kantutegian oinarritutako diskoak ere grabatu zituen.

[youtube]https://youtu.be/J2bCQMj3D9w[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.