Soldata arrakala

Enpresek publiko egin beharko dituzte soldatak, soldata arrakala saihesteko

50 langiletik gorako konpainiek soldatak erregistratu beharko dituzte aurrerantzean

Carmen Calvo Espainiako presidenteordea, gaur, ministroen kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. ANGEL DIAZ, EFE
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 1a
16:51
Entzun

"Lan bera, soldata bera premisa juridikoki betearaztera goaz", adierazi du Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak lan esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko dekretua aurkeztu duenean, gaur eguerdian, Madrilen.

Behin dekretua indarrean sartzen denean, enpresa txiki eta ertainek, 50 beharginetik gora dauzkatenek, derrigor egin beharko dituzte publiko lantegiko soldata guztiak, emakumeenak eta gizonezkoenak. Langileek aukera izango dute lantegiko soldatak kontsultatzeko, eta sindikatuen bidez edo pertsonalki egin ahal izango dute eskaria erregistroa ikusteko. Halaber, soldata horiek erregistro publiko batean jarri beharko ditu enpresak.

Era berean, enpresa ertain eta handiek berdintasun planak egin beharko dituzte, eta erregistro publikoan jarri, "bermatzeko emakumeek eragin garrantzitsua daukatela lan munduan eta ahots propioa izan dezaten", esplikatu du Calvok.

Dekretuak badu beste ondorio bat ere, menpekotasun egoeran dagoen senideren bat zaintzen dutenek —emakumeak dira nagusiki— Gizarte Segurantzan kotizatuko dute berriz ere, eta kotizazioa estatuak hartuko du bere gain. Zaintzaz batez ere emakumeak arduratzen direnez, eta zaintza aldi horiek kotizatzen ez direnez, soldata arrakalaz gain pentsio arrakala ere gertatzen da: emakume pentsiodunek batez beste %40 gutxiago kobratzen dute, gobernuaren datuen arabera, 370 euro gutxiago hilean batez beste. Arrakala hori emakumeek zaintzan egindako lana ez ordaintzeak eta kotizatzeak eragiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.