1978ko sanferminak

Polizia zezen plazara sartuko zela aurretik erabakirik zegoela uste du 78ko Sanferminak Gogoan-ek

Eskuratu dituzten hiru txostenetan kontraesan handiak antzeman dituzte, baina baita aurrera egiteko zantzuak ere. Ekinbide judizialak iragarri dituzte.

Iker Tubia.
2019ko martxoaren 2a
13:28
Entzun

Atea behin eta berriro itxita aurkitu dute, baina azkenean lortu dute. 1978ko uztailean Espainiako Kongresuan banatu zituzten hiru txostenak jaso ditu 78ko Sanferminak Gogoan plataformak. Garaiko Nafarroako Gobernari Zibilak, polizia armatuaren general batek eta Segurtasun Zuzendaritza Orokorreko zuzendari orokorrak eginak dira. Txostenen artean "kontraesanak" daudela azaldu du Lourdes Etxeberria abokatuak, eta ardurak baztertzen saiatzen direla, "erasoa justifikatuz". Hala ere, bertan ageri den informazioak urte hasieran aurkeztu zuten kereila "argudiatzen" dutela uste du.

Txostenen artean Ignacio Llano garaiko Nafarroako Gobernadore Zibilarena nabarmendu du abokatuak. Bertan esaten denez, uztailaren 1ean polizia buruek sanferminak prestatzeko bilera egin zuten. "Erabateko zuhurtziarekin jokatzeko adostu zuten".

Horrekin batera, zezen plazan ez sartzea erabaki zuten. "Zergatik hitz egin zen horri buruz? Aurretik erabaki zuten plazan sartzea?". Adierazle gehiago aurkitu dituzte txostenean: poliziek plazatik alde egin zuten azken zezenaren aurretik, goitik behera armatutako kalez jantzitako militarrak eta poliziak zeudela, eta erreserbarako unitate bat zegoela zaldien patioan. Etxeberriak argi du: "Hau, aldez aurretik antolatuta zegoen".

Deskribapen argigarriak ere badaudela azaldu du abokatuak: "Txostenetan esaten da gertatutakoa ausarkeria nabaria izan zela, eta ekintza irrazionala izan zela, ez lukeela inoiz gertatu behar horrelakorik". Horrekin batera, nabarmendu dute txostenetan oraindik "ezkutuan" dituzten beste txosten batzuk aipatzen direla: "Saiatuko gara txosten horiek ere argitara ateratzen", azaldu du Amaia Kowasch plataformako bozeramaileak. 

Ekinbide judizialak

Txosten hauek lortuta, zenbait ekinbide judizial iragarri ditu plataformak. Urte hasieran aurkeztu zuten kereila kriminala zabalduko dute, eta epaileari txosten hauek emanen dizkiote, informazio gehigarria dutelako. Gainera, kereila jarriko diote Espainiako Gobernuari informazioa ezkutatzeagatik. Argentinako kereilaren alorrean ere kereila aurkeztuko dute, 1978. urteko krimenak ere biltzen baititu. 

Horrekin batera, txosten guziak desklasifikatzeko eskatuko dute, "egia jakitea oinarrizko eskubidea baita". Azkenik, Rodolfo Martin Villa, garai hartako Espainiako Barne ministroak gertakari horien ardura hartu behar dutela exijitu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.