Martxoak 3

Justizia eta borroka aldarrikatu dituzte milaka lagunek Gasteizko kaleetan

43. urte bete dira gaur Espainiako Poliziak bost langile hil zituenetik Gasteizko Zaramaga auzoan. Oroitza ekitaldiak eta manifestazioa egin dituzte arratsaldean.

Gaur arratsaldeko manifestazioaren hasiera, Gasteizko Zaramaga auzoan. ENDIKA PORTILLO, FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 3a
13:17
Entzun

Aldarriak batu eta borrokan jarraitzeko deia egin dute milaka lagunek Gasteizen, martxoaren 3ko manifestazio nagusian. Justizia hitza hizki handitan hartuta, eta hildako langileen argazkiak eta Etorkizuna eraikiz. Confluir, luchar, avanzar (batu, borrokatu, aurrera egin) lelodun pankarta aurrean zutela, horixe irudikatu dute Zaramagako auzotik hasitako manifestazioan. Besteak beste, "herriak ez du barkatuko" oihu artean egin dute Foru plazarako bidea.

Aurretik, lore eskaintza egin dute Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak hildako langileen oroigarrian.

Gaur ere justizia soziala, eskubideak, askatasunak, "pertsona guztien duintasuna" eta garai hartako "elkartasuna eta espiritua" berreskuratzeko eguna dela nabarmendu du Martxoak 3 elkarteak, eta bat egin dute Memoria Gara egitasmoarekin, San Frantzisko eliza memoria gune bilakatzeko. Beste aldarri batzuekin batera, haiena ere presente egon da gaurko manifestazioan.

Baita bestelakoak ere; Inpunitatea amaitu, Martin Villa epaitu pankarta eraman dute, esaterako, ministro ohia epaitzeko ekinbidea hasi duen plataformakoek, eta Arabako pentsionistek eta Gazte Blokeak ere hartu dute parte, beren aldarriekin. Era berean, martxoaren 8ko greba feministarekin eta horren harira antolatuko diren mobilizazioekin ere bat egin du Martxoak 3 elkarteak.

Eguerdian, beste ekitaldi bat egin dute Zaramaga auzoko oroigarrian, martxoaren 3ko biktimak omentzeko. Besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak hartu du parte, eta "autoritarismoari, atzerakada demokratikoari, neofaxismoari eta austerizidio ekonomikoari aurre egiteko indarrak batu" beharra nabarmendu du, eta "elkarrekin jokatzeko" deia egin die "subiranistei, errepublikazale eta aurrerakoiei".

EAJko kideek ere lore eskaintza egin dute Zaramagako oroigarrian, ABBko buru Jose Antonio Suso buru zela. Susok nabarmendu du frankismo ondorengo trantsizioko "sarraskirik handiena" izan zela Gasteizkoa, eta biktimei ez zaiela aitortu oraindik "egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea". Besteak beste, PSEko kideak eta CCOO sindikatukoak ere izan dira, eta gogora ekarri dute "eskubideak defendatu eta lan baldintzak hobetzeko" ari zirela borrokan langileak. 

Egunotan ekitaldi txiki gehiago ere egin dituzte urteurrena gogoratzeko. Errekaleor auzoan, esaterako, omenaldia egin zieten Martxoaren 3ko langileei. Kantu bat ere prestatu dute aurten Errekaleorreko kideek, bideo batean:

[youtube]https://youtu.be/EiMypLn-mEE[/youtube]

Besteak beste, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute gaurko mobilizazioekin. Duela 43 urte gertatutakoak gogora ekarri, "eta orduan bezala orain ere" borrokarako arrazoiak badaudela nabarmendu dute.

Aurten, mobilizazioekin bat egin du Memoria Gara ekinaldiak ere, eta bere aldarrikapena plazaratzeko baliatuko du eguna. Aurreratu dutenez, pankarta baten bidez San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzea eskatuko dute. Memoria Gara: "Izan ere, memoria historikoak betiko batu ditu 1976ko martxoaren 3 eta San Frantzisko Asisko eliza eta, horrekin batera, etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenak". Otsailaren 28an estreinatu zuten 1976ko gertakarien inguruko Vitoria, 3 de marzo filma, eta proiektu hartan aritu den lantaldeak ere bat egin du Memoria Gara ekimenarekin.

Salaketa NBEn

Aurtengo urteurrenak, gainera, albiste garrantzitsu bat ekarri du arlo judizialean, Martxoak 3 elkarteak iragarri baitu NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera joko duela justizia eske, Espainian bide judiziala antzua suertatu dela ikusita.

Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta foru aldundiak kereilak jarri zituzten sarraski hartako erantzukizunak argitzeko, baina iaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen kereila horietako baten artxiboaren kontrako helegitea, eta, hortaz, bide hori bukatuta dagoela ondorioztatu dute Martxoak 3 elkartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.