Valentzia 2-0 Athletic

Punturik gabe itzuli da Athletic Valentziatik

Kamuts aritu da talde zuri-gorria, gol aukera garbirik sortu gabe. Partidaren amaieran estutu du gehien aurkaria, baina Valentziak kontraeraso batekin erabaki du neurketa, 89. minutuan.

Valentziaren eta Athleticen arteko ligako neurketa, atzo, Mestallan. MANUEL BRUQUE, EFE
2019ko martxoaren 4a
11:49
Entzun

Athleticek eta Valentziak partida irekia jokatu dute lehen zatian. Bi taldeetako bat ere ez da gauza izan bestea mendean hartzeko, eta biek izan dituzte gol aukerak. Ez dute, ordea, markagailuan aurreratzeko adina arrisku sortu.

Bigarren zatian, indartsuago zelairatu da Valentzia, eta 48. minutuan egin du 1-0ekoa. Rodrigo de Moreno aurrelariak bolea ikusgarri batekin gainditu du Herrerin. Athletic ahalegindu egin da kolpeari erantzuten, baina Valentziak ongi indargabetu ditu zuri-gorrien saiakerak. Muniain eta Williams gertutik zaindu ditu Valentziaren defentsak, eta Athleticek ez du gol aukera garbirik sortu.

Partidaren azken txanpan hartu du estuen Athleticek Valentzia. Etxeko taldea gehien sufritzen ari zela, kontraeraso batean erabaki du neurketa Gameiro Valentziako aurrelariak. 2-0ekoa egin du 89 minutuan.

Athleticek, beraz, ez du punturik eskuratu Mestallan, eta 33rekin jarraituko du beste aste betez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.