Memoria

Etxerat-ena "pauso bat gehiago" dela esan du Urkulluk

Jesus Lozak presoen senideen elkarteari eskatu dio salatu dezala German Urizar preso ohiari eginiko harrera.

Etxerat elkarteko kideak, ostiralean, Donostian. Mahaian daudenek irakurri zuten adierazpena: Ibon Garatek eta Peru del Hoyok. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2019ko martxoaren 4a
09:09
Entzun

Biktima denekiko "begirunea eta enpatia" agertu zituen Etxerat euskal presoen senideen elkarteak joan den ostiralean, eta adierazpen horren inguruko iritzia eman dute hainbat eragilek azken orduetan.

Esaterako, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak balioa eman dio Etxerat-en adierazpenari, eta uste du "igaro behar den bidean pauso bat gehiago" dela: "Enpatia eta giza gertutasun borondate bat adierazten du". Ñabartu du iritzi hori berea dela eta ez duela ordezkatzen Jaurlaritzaren ikuspuntua, Jaurlaritza babesten duten bi alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— ez dutelako gaia elkarrekin aztertu.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarekin batzartu da Urkullu, Gasteizen, eta orduan galdetu diote hedabideek Urkulluri Etxerat-en dokumentuaren inguruan. Gogorarazi duenez, presoen senideen elkarteak eginiko adierazpena "oso antzekoa" da ezker abertzaleak 2012an Kursaalean eginiko ekitaldi batean eginikoarena, baina zehaztu du Etxerat "asistentzia eta babes erakunde" bat dela eta ez duela erantzukizun politikorik edo instituzionalik.

Bestela jardun du Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkariak. Esan du Etxerat-ek "enpatia" erakutsi nahi badu German Urizar preso ohari eginiko harrera salatu behar duela; "urrezko aukera" duela horretarako. Hain justu, Covitek Auzitegi Nazionalean salatu du harrera hori, eta Lozak estatuko abokatuari eskatu dio aztertu dezala harrera hori auzitara eramateko aukera.

Etxerat-en adierazpena "positibotzat" jo du Lozak, baina pausoa "oso txikia" dela uste du, "oharrean preso politikoez, gatazkaz eta abarrez hitz egiten jarraitzen baita".

AEM ere kritiko

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimendua ere kritiko mintzatu da Etxerat-ekin. "Preso politikoen senideei zor" dieten "errespetuagatik", ezin dute "inola ere onartu inork ezeren ardura politikoa haien gainean jartzea politikeriaren jokoan etekin alderdikoiak lortzeko helburuz". Zehazki, AEMk ohartarazi du Etxerat-ek "senideei ETAk eragindako mina areagotzea leporatuta, ontzat" eman duela "etsaiek senideei urtetan zehar leporatutako gauza berbera, eta bakea eta bizikidetza laguntzetik urrun, zapalkuntza betikotzen jarraitzeko baliagarria izan daitekeen adierazpena argitaratu du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.