Gutun zuria

Literatura eta artea lotuko ditu aurtengo Gutun Zuriak

Apirilaren 2tik 6ra bitarte egingo dute jaialdia, eta Bilboko Azkuna zentroan izango dira, besteak beste, Xabier Gantzarain, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Bernardo Atxaga, Joan Fontcuberta eta Valerie Mrejen.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko martxoaren 4a
15:04
Entzun

Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea. Bi esaldi horiek hautatu dituzte lelotzat Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko jaialdiaren 12. ediziorako. Jaialdiaren filosofia laburbiltzen dutela dio Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendariak. “Aldous Huxley idazlearen aipua du oinarrian lehen zatiak, Huxleyk argudiatu baitzuen liburutegi bat erretzea alferrikako ekintza dela, liburuak berriz irakurri eta eduki ahal direlako”. Jose Lezama Lima poetak ahozko arteari buruz esandakoa jasotzen du goiburuaren bigarren zatiak. Norabide berria hartu du Bilboko Azkuna zentroak, Perezen hitzetan, eta bide horri erantzunez antolatu dute aurtengo jaialdia —2019-2023 urteetarako proiektu estrategikoa ondu berri du Perezek eta Azkuna zentroa gizartearen eta kultura garaikidearen "lokailu" bihurtzeko xedea zehaztu zuen bertan—. Literaturatik haragoko diziplinak elkartu nahi dituzte ekitaldietan. “Narratibetatik harago doazen esparruetara zabalduko da Gutun Zuria, hitzak bestelako jarduera artistikoekin lotuz”.

Apirilaren 2an abiatuko da jaialdia eta topaketak, sortzaileen arteko elkarrizketak eta tailerrak izango dira bost egunez. Maialen Lujanbio izango da irekiera ekitaldian eta bertsolaritzaren eta bestelako arte garaikideen arteko zubigintzaz jardungo da. Euskarazko sortzaileek toki gehiago hartuko dute aurtengoan: Harkaiz Cano eta Xabier Gantzarain, adibidez, buruz buru jardungo dira euskal arte garaikideaz zein literaturaz. Apirilaren 4ean izango da hori, Azkuna zentroko Bastida aretoan. Hurrengo egunean, aldiz, Danele Sarriugarte, Beatriz Chivite eta Eric Ducharry izango dira areto berean. Bernardo Atxaga eta Oscar alegriak ere solasaldia eskainiko dute hilaren 4an. Horiez gain, Joan Fontcuberta, Valerie Mrejen, Carlos Fonseca eta Juan Vico ere izango dira topaketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.