MEMORIA

Memoria lantaldea, blokeatuta

Gaur batzartu da, baina etorkizunean hartuko duen norabideari buruzko akordiorik ez dute lortu indar politikoek.

Lantaldeko kideak, gaurko bileran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2019ko martxoaren 4a
07:17
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldea abenduaren 17an batzartu zen azkenekoz, eta bilera horretan agerian geratu ziren talde politikoen desadostasunak. Izan ere, lantaldea "birpentsatu" beharko litzatekeela adierazi zuen bertan PSE-EEk, eta EH Bilduk ere desadostasunak adierazi zituen ondorio batzuekin. Harrezkero, ez atzera ez aurrera geratu da lantaldea, ondorio batzuk adostu ezinda eta, beraz, lantaldearen funtzioa eta etorkizuna bera kolokan duela.

Ia hiru hilabete eta gero, berriro batzartu dira talde politikoak foro horretan, baina gaurkoan ere ez dute lortu egoera desblokeatzea. Ondorioei buruzko txosten bat dute mahai gainean, eta horien inguruan ados jarri ezinik jarraitu dute gaur ere. Gainera, apenas ezagutarazi duten bilerari buruzko xehetasunik, ezein talde politikok ez baitu agerraldirik egin bilera amaitu ondoren. Berri agentziek zabaldu dutenez, taldeek adostu dute martxoaren 15ean elkartzea berriro.

Talde parlamentarioetako iturrien arabera, ordea, bileran agerian geratu da EAJk eta PSEk, Jaurlaritzako bi bazkideek, Ana Oregi lantaldeko presidenteak taxututako sintesi dokumentuaren inguruan dauzkaten desadostasunak.

Abenduaren 17ko bileran, PSEk azaldu zuen "zoru etikoaren gainean" eraiki behar zirela ondorio horiek; EH Bilduk, berriz, PSEri kargu hartu zion ondorioak bere nahien arabera zuzentzeagatik. 2017ko martxoan egin zuen lehenengo bilera lantaldeak; hortaz, ia bi urteko lana  kolokan gera daiteke, akordiorik lortu ezean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.