Iruzurra

Carlos Ghosn aske geratuko da, baldintzapean

Duela 107 egun atxilotu zuten Tokion, Nissani iruzur egiteaz akusatuta.

Argazkilariak Ghosnen irteeraren irudiak atera nahian, Tokioko atxiloketa gunean. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 5a
07:38
Entzun

Mila milioi yeneko fidantza (7,8 milioi euro) ordaindu beharko du Renaulteko eta Nissaneko buru ohiak presondegitik ateratzeko. Ez dago garbi, ordea, Ghosn gaur bertan libre aterako ahal izango duen, fiskaltzak helegitea aurkeztu baitio Tokioko auzitegiari. Helegitea atzera botako balute, ziur aski bihar aterako da espetxetik, ordainketa egiteko denbora beharko dutelako, Junichiro Hironaka Ghosnen abokatuak azaldu duenez.

Ezohiko erabakia da Japoniako auzitegi batek akusatu bat libre uztea, batez ere Ghosnek bezala, errugabe dela deklaratzen badu. Bi eskaera atzera bota ditu orain arte, argudiatuta Ghosnek Japoniatik ihes egiteko edo probak ezkutatzeko arriskua ikusten zuela. Oraingoan, bada, baldintza batzuk jarri dizkio alde egin ez dezan. Horien artean dago bere etxeko atean kamerak jartzea, eta pasaportea entregatzea.

Joan den azaroaren 19an atxilotu zuten Ghosn, Tokioko aireportuan, Nissanek berak abiatutako ikerketa baten ondorioz. Leporatzen diote agintariei irabaziak ezkutatzea eta konpainiaren dirua bere negozio partikularren galerak estaltzeko erabiltzea. Akusazio horiek ukatu ditu Ghosnek, eta ziurtatu du bere aurkako "konplota" egin dutela Nissaneko burukide batzuek, auto konpainia japoniarra eta Renault frantziarra gehiago batzeko asmoa zuelako. Nissanek gezurtatu egin du Ghosnen aurkako salaketak Renaultekiko harremanarekin zerikusia dutenik. 

Nissanek egun gutxi behar izan zituen Ghosn enpresaren buruzagitzatik botatzeko. Renaultek, berriz, urtarrilaren amaierara arte itxaron zuen haren ordez Dominique Senard eta Thierry Bollore bikotea izendatzeko.

Uste denez, epaiketa udazkenean hasiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.