Autogintza

VWek baztertu egin du Landabenen hirugarren modeloa ekoiztea, "oraingoz"

Herbert Diess Volkswagen taldeko kontseilari ordezkariak ziurtatu du Iruñeko fabrikak lehiakortasun handia galduko lukeela Poloaz eta T-Cross modeloez gain beste bat ekoitziko balu.

Herbert Diess VW taldeko kontseilari ordezkaria, eskuinean, Berlinen otsailaren 27an, Microsoftekin batera egindako agerraldi batean
Herbert Diess VW taldeko kontseilari ordezkaria, eskuinean, Berlinen otsailaren 27an, Microsoftekin batera egindako agerraldi batean Clemens Bilan / Efe

Joxerra Senar -

2019ko martxoak 5

Aurreko astean, lan hitzarmenaren gaineko akordioa lortu zuten UGTk, CCOOk eta zuzendaritzak, eta Landabenen hirugarren modeloa egiteko aukerarekin lotu zuten. Alta, gaur Genevan (Suitza) egindako adierazpenetan Herbert Diess kontseilari ordezkariak ez dio zentzurik ikusi hirugarren modeloari. "Ez da beharrezkoa. Ez dugu ahalmenik ezta bi egiteko ere. Zertarako?".

Landabengo fabrika sortu zenetik Poloak ekoitzi dituzte, baina aurten bigarren modeloa, T-Cross izeneko noranahikoa, ekoizten hasi dira MQB plataformari esker. Alemaniako taldeak espero du aurten Landabenen 350.000 ibilgailu ekoiztea, horietatik 175.000 T-Cross.

Diessek oraingoz aukera hori baztertuagatik, ez du erabat atea itxi. Gaur arte, VW-Poloaren salmentek oso ondo funtzionatu dute, batik bat krisi urteetan, baina taldeak onartu du Poloaren ekoizpena jaitsiz gero, "aukera bat" izan litekeela hirugarren modeloa ekoiztea. Hala ere, Diessen aburuz, ahulgune baten adierazle litzateke: "Modelo asko ekoitziko balitu, lehiakortasun asko galduko lukeen fabrika bat da Iruñekoa. Saiatuko gara beti ahalik eta modelo gutxien egitea. Fabrika ezin liteke gehiago zabaldu".

Iruñean, fabrikako bi sindikatu nagusiek zein zuzendaritzak helburu gisa jarri zuten hirugarren modeloa, lan hitzarmenaren akordioarekin lotuz eta etorkizuneko berme gisa agertuz. Batik bat iragan astean Andreas Tostman Ekoizpen eta Logistika arloko arduradunak egindako adierazpenek hauspotu zuten hirugarren modeloaren gaineko zurrumurrua. Tostmanek orduan esan zuen lan hitzarmena izateak "asko" lagunduko lukeela hirugarren modeloa lortzeko. Behin akordioa lortu dela —batzarraren oniritzia falta da—, Diessek bestelako ikuspegia azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna