Literatura

Literaturako bi Nobel sari emango dituzte aurten

Iaz banatu gabe utzi zuen saria banatuko du 2019an Suediako Akademiak

Kazuo Ishigro da saria jaso duen azken idazlea. FREDRIK SANDBERG / EFE
Berria
2019ko martxoaren 5a
17:41
Entzun

2019. urteari dagokion Literatura Nobel sariaz gain, iaz eman gabe gelditu zena ere banatuko du aurten Suediako Akademiak. Hala jakinarazi du akademiako idazkari Anders Olssonek Dagens Nyheter egunkariari emandako elkarrizketa batean.

Iazko maiatzean jakinarazi zuen akademiak 2018an ez zuela emango Literaturako Nobel saria, "instituzioarekiko konfiantza" galdu zelako dozena erdi bat kidek dimisioa eman eta gero. Orduan adierazi zuen akademiak 2019an bi sari emateko asmoa, baina azken erabakia Nobel Fundazioaren esku utzi zuen. Azken horrek eskatu zuen akademiaren funtzionamenduan aldaketak egiteko.

2017ko azaroan, hemezortzi emakumek salatu zituzten Suediako Akademiatik "gertu" aritzen zen gizonezko baten sexu erasoak. Gerora jakin zen pertsona hori Jean-Claude Arnault artista zela, Katarina Frostenson akademiako kidearen senarra. Horren ostean, akademiako hainbat kidak dimisioa eman zuten, eta horren ondorioz, saria 2018an ez ematea erabaki zuten.

Honako hauek dira Literaturako Nobel saria jaso duten azkeneko idazleak: Tomas Transtrommer (2011), Mo Yan (2012), Alice Munro (2013), Patrick Modiano (2014), Svetlana Aleksievitx (2015), Bob Dylan (2016) eta Kazuo Ishiguro (2017).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.