Loraldia

Gorpuztutako kontakizuna

Euskara batuaren historia ardatz duen 'Biz Hitza' dantza ikuskizuna aurkeztuko du Aukeran dantza taldeak martxoaren 16an, Bilboko Arriaga antzokian. Xabier Payak egin du gidoia.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko martxoaren 5a
14:47
Entzun

“Nola kontatzen da gorputzaren bidez hitzezko kode bat?”. Galdera jaurti du Xabier Payak. Beste bat, jarraian. “Nola egiten da dantza ikuskizun baten gidoia?”. Geldiunea. “Nola esaten zaio dantzari bati hau esateko?”. Ez du erronka makala izan Payak, euskara batuaren historia kontatzen duen Biz Hitza dantza ikuskizunerako gidoia ondu baitu Aukeran dantza konpainiarentzat, Euskaltzaindiaren enkarguz. Hitzak ez, gorputzaren mugimenduak eraman ditu paperera. “Nik argi azaldu nien gidoia soinekoa bat dela, eta Aukeran dantza konpainiako kideei zegokiela soinekoa jantzi eta aztertzea mauka laburtu, gerria luzatu edo zerbait egokitu behar zaion”. Baiezko keinua egin du Manu Muruamendiaraz dantza taldeko zuzendariak aldamenetik. “Erronka polita eta zaila izan da, aldi berean. Oro har, ez da erraza izan euskara dantza bidez aurkeztea”. Ikuskizun “berezia” osatu dutela azaldu du dantza taldeko kideak: “Beste dimentsio batean sartu dugu dantza taldea”. Hamar pieza biltzen dituen 60 minutuko ikuskizuna da Biz Hitza, eta martxoaren 16ean aurkeztuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdiaren programazioaren barruan.

Aitor Etxeberriak egin du musika, eta emanaldietan ere zuzeneko musika joko du berak. Sorkuntza prozesuak ikerketa kutsua izan duela iradoki du, euskal dantza tradizionaletako erritmoak “estetika garaikidera” eraman baititu. “Berezia izan da betiko doinu horiek bestelako soinuetara eramatea eta doinu klasikoak estrukturarik gabeko erritmoetara eramatea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.