Telesailak

'Game of thrones'-ek azken denboraldiko trailerra zabaldu du

HBOk apirilaren 14an estreinatuko du zortzigarren denboraldia.

urtzi urkizu
2019ko martxoaren 5a
18:50
Entzun

Teaser eta bideoren bat zabaldua zuten, baina trailer ofizialaren zain zeuden telesailaren zale guztiak. Eta azkenean zabaldu dute trailerra, bi minutuko bideoa, Interneteko sare sozialetan. Game of thrones telesailak milioika jarraitzaile ditu mundu osoan. Euskal Herrian ere bai. Are gehiago, Bardeetan (Nafarroa), Zumaian (Gipuzkoa), Bermeon (Bizkaia) eta Barrikan (Bizkaia) telesailaren hainbat eszena grabatu zituzten eta jarraitzaile asko joaten dira toki horiek bisitatzera.

Udaberri honetan ezagutu ahalko dute zaletuek nola amaitzen den telesaila, zortzigarren eta azkeneko denboraldian. Sei atal izango ditu azkeneko denboraldi horrek, eta atal bakoitzak ordu bat baino gehiago iraungo du. Azkeneko denboraldian, aurretik agertu gabeko aktore batzuek parte hartuko dute: Marc Rissman, Seamus O'Hara, Alice Nokes eta Danielle Galigan.

HBOk, bestalde, urtarrilean iragarri zuen Game of thrones-en spin-off bat egingo dutela —aktore protagonisten artean Naomi Watts egongo da—. Telesail berri horretako istorioak denboran Game of thrones-en baino askoz lehenago garatuko dira. Iragarri dutenez, ez dira lehengo pertsonaiarik azalduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.