Futbola

Javier Clemente izango da euskal selekzioaren entrenatzailea

Euskadiko Futbol Federazioak egindako eskaintzari baiezkoa eman dio. Bi urte pasatxo egin ditu talderik entrenatu gabe, Libiako selekzioan aritu zenetik. Taldea Panamaren aurka lehiatuko da, maiatzaren 29an.

jarraia163630.jpg
2019ko martxoaren 6a
13:56
Entzun

Duela hilabete eskas zabaldu zen albistea, eta BERRIAk ere hala baieztatu zuen. Luis Mari Elustondok, Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak, Javier Clementeri eskaini ziola euskal selekzioaren entrenatzaile postua. Aste batzuk behar izan ditu Barakaldokoak, baina baietz erantzun du azkenean. Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrorturen lekukoa hartuko du. Ostegunean aurkeztuko dute prentsaren aurrean, Bilbon.

69 urte beteko ditu Clementek datorren astean, eta azkeneko bi urteotan ez du talderik entrenatu. Libiako Futbol Federazioako selekzioaren ardura kendu zion duela bi urte. Hasierako urteak izan zituen arrakastatsuenak entrenatzaile gisa. Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituen Athleticekin, baina zuzendaritzarekin tirabirak izan zituen, eta 1984an utzi zuen Bilboko kluba. Espanyolen, Atletico Madrilen, Athleticen (berriz), Betisen, Realean, Olympique Marseillan, Espanyonek eta Athleticen (hirugarren aldiz) aritu zen ondoren. Baina bere agintepean egondako lau taldek maila galdu ere egin zuten: Tenerifek, Murtziak, Valladolidek eta Sporting Gijonek.

Egon den toki guztietan izan ditu tirabirak agintariekin, kazetariekin eta zaleekin. Eskola zaharrekoa da, eta gustuko du soka tenkatzea. Horregatik da deigarria Euskadiko Federazioak haren alde egin izana, are gehiago ofizialtasunari beste bultzada bat emateko asmoz, FIFAri eta UEFAri erakunde horietako kide gisa onartua izateko eskatu ondoren.

Lehen partida, Panaman

Entrenatzaile gisa lehen partida aurki izango du Clementek, maiatzaren 29an (asteazkena da); eta ez du etxean jokatuko. Panamako Futbol Federazioak gaur bertan jakinarazi du euskal selekzioaren aurka partida jokatuko duela, Rommel Fernandez estadioan, Panama hirian. Bertako 20:00etan jokatuko dute —Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak inguru izango dira—.

Euskal selekzioak 2016ko maiatzean jokatu zuen Euskal Herritik kanpora azkeneko aldiz; Korsikaren aurka aritu zen orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.