Carlos Ghosn

Aske, baina Japoniatik atera ezinik

Renaulteko eta Nissaneko buru izandakoa fidantzapean utzi dute aske. Finantza irregulartasunengatik epaituko dute udazkenean. Ordura arte, haren etxean jarritako kameren bidez zainduko dute.

jarraia163657.jpg
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 6a
09:23
Entzun

Japonian oso ohikoa ez den zerbait lortu du Carlos Ghosn Renaulteko eta Nissaneko buruzagi izandakoak: atxilotua izan, eta bere burua errugabetzat jo duen arren, epaiketaren aurretik libre geratu da. Haren defentsak mila milioi yeneko fidantza (7,8 milioi euro) ordaindu behar izan du horretarako. Uste denez, epaiketa udazkenean egingo diote, eta ordura arte Japonian egon beharko du Ghosnek, eta haren etxean jarritako kameren bitartez ziurtatu nahi dute ez duela ihes egingo.

Ezohikoa da Japonian akusatu bat aske geratzea, baina ezohikoak dira Ghosnen auziaren beste atal batzuk ere. Japoniako fiskaltzak finantza eskandaluetan inplikatutako beste enpresaburu edo zuzendari batzuekin baino gogorrago jo zuen Ghosnekin, kamerak aurrean zituela atxilotu baitzuten Tokioko aireportuan, joan den azaroaren 19an. Eta ez da oso ohikoa 1999. urtean Nissan salbatzeagatik ospea —eta dirutza— irabazitako batek orain espetxealdi oso luze bat arriskatzea, nork eta Nissanek haren aurka egindako salaketengatik.

Japoniako auto konpainiak Ghosni leporatzen dio agintariei irabaziak ezkutatzea eta konpainiaren dirua bere negozio partikularren galerak estaltzeko erabiltzea. Akusazio horiek ukatu ditu Ghosnek, eta ziurtatu du bere aurkako "konplota" egin dutela Nissaneko burukide batzuek, auto konpainia japoniarra eta Renault frantziarra gehiago batzeko asmoa zuelako. Renault da Nissaneko akziodun nagusia, nahiz eta gaur egun autogile japoniarra enpresa handiagoa eta errentagarriagoa den. Nissanek gezurtatu egin ditu Ghosnen akusazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.