Suteak

Beste 100 hektarea erre dira Goizuetan, aurrez erretako eremutik gertu

Burugorrin piztu zen sua bart, eta 300-400 metro inguruko frontea hartu du. Nafarroako Gobernuak helikopteroak bidali ditue, eta eta ur-hegazkin bat eskatu dio Espainiako Gobernuari. Joan den asteazkeneko sutean erretakoaz gain, beste 100 bat hektarea erre dira.

arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 6a
14:09
Entzun

Sua piztu den ingurura lurrez iristeko zailtasunak direla eta, hura airez itzaltzen saiatu dira suhiltzaileak, eta horretarako laguntza eskatu du Nafarroako Gobernuak. Bart gauean piztu da sua Goizueta inguruan, joan den asteazkenean erretako eremutik gertu. 100 bat hektarea erre ziren orduan, eta beste hainbesteko lur eremua hartu du gaurko suteak.

Goizueta, Oronoz, Altsasu eta Cordovillako suhiltzaileak aritu dira sutea itzaltzeko lanetan. Haize handiak zaildu egin ditu hura amatatzeko lanak, eta baita airekoen esku hartzea ere. Atzo 23:00ak aldera eman zuten abisua larrialdi zerbitzuetara, eta, lehen zantzuen arabera, nahita piztua litzateke. Hori berretsiko balitz, ez litzateke azken egunetan nahita piztutako sute bakarra izango. Muskizen, (Bizkaia) 110 hektarea baso erre dituen sutea  pizteko erabilitako gailua aurkitu zuen atzo Ertzaintzak, bendak lotuta dituen bihurkin moduko bat.

Haize zakarraren ondorioz, Nafarroako Gobernuak bidali behar dituen helikopteroek eta Espainiako exekutiboari eskatutako ur-hegazkinak lanak izan dituzte, eta bitartean suak kontrolik gabe jarraitu du zenbait gunetan. Azken asteetan euririk egin ez izanak eta egunotako tenperatura altuek ere handitu egin dute sute arriskua.

Sua itzaltzeko lanetan aritu dira Beran ere, Kaule inguruan. Aurrez kontrolpean zuten sua indartu egin zen han atzo arratsaldean. Berako suhiltzaile bolondresen eta Oronozko parkeko suhiltzaileen eta helikopteroen laguntzaz itzali zuten hura. Baina gaueko 22:45 zirenean berriz indartu ziren garrak.

Gaur goizean, berriz, Doneztebeko errepide bazter batean beste sute baten abisua jaso dute Oronozko suhiltzaileek.

Abisu gehiago ere izan dituzte azken orduetan Nafarroako suhiltzaileek; besteak beste, Berroetan. Han goizeko zortzirak inguru zirenean eman dute abisua larrialdi zerbitzuetara, eta berehala joan dira Oronozko parkeko suhiltzaileak. Horiek izan dira baita ere atzo gauean Lesakako Alkaiaga auzoan piztutako sua itzaltzen ibili direnak.

Suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute datozen egunetan ere sute arriskua egongo dela, haize zakarraren eta tenperatura altuen ondorioz. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute. Ipar Euskal Herrian esaterako, sasiak erretzeko gauerdira arteko debekua ezarri dute. Izan ere azken egunetan 700 hektarea inguru erre dira baimendutako suak kontrolik gabe zabaltzearen ondorioz.

Igorre eta Arrietako suteak, kontrolpean

Haize ufadek berriz indartu dituzte Igorren eta Arrietan (Bizkaia) atzo itzalitako suteak. Bizkaiko suhiltzaileek berriz esku hartu behar izan dute gaur, eta sua kontrolpean dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak.

Bi suteak, aldez aurretik erretako eremuetan piztu dira: Igorren, Basauntz auzoan; eta, Arrietan, Goiri auzoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.