Autodeterminazioa

Gure Esku Dago-k parte hartuko du ANCk eta Omniumek Madrilen egingo duten manifestazioan

Espainiako Estatuaren "errepresio bidegabea" eta "neurrigabea" salatzeko, eta auzi politikoei "konponbide politiko eta demokratikoak" dagozkiela aldarrikatzeko, Madrilgo manifestazioan parte hartuko du, Autodeterminazioa ez da delitua lelopean.

Gure Esku Dago-k otsailaren 17an Kataluniako prozesu subiranistari babesa adierazteko egin zuen manifestazioko irudia. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 6a
14:11
Entzun

Gure Esku Dago-k bat egin du ANC eta Omnium elkarte subiranista kataluniarrek egin duten deialdiarekin, eta, martxoaren 16an, Madrilen izango da autodeterminazio eskubidearen aldeko manifestazioan. Gure Esku Dago-ren esanetan, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketak erabakitzeko eskubidea epaitu eta zigortu nahi du, eta auzi horrek "herritar guztion eskubideak" jarri ditu arriskuan.

"Baina ez; erabakitzeko eskubidea ez da delitua, autodeterminazio eskubidea ez da delitua. Bozkatzea ezin da inoiz delitu izan", adierazi du plataformak ohar bidez. Aldiz, erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarrizko printzipioa dela defendatu du. "Erabakitzeko eskubiderik gabe, ez dago demokraziarik. Erabakitzeko eskubidea mundu justuago bat eraikitzeko oinarria da. Bozkatzea konponbiderako giltza da. Eskozian, Quebecen, Ipar Irlandan, Katalunian, Euskal Herrian eta edonon". 

Horrez gain, Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari den epaiketan, oinarrizko hainbat eskubide daude jokoan, Gure Esku Dago-ren iritziz. Adierazpen askatasuna, askatasun ideologikoa, manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea eta greba eskubidea jazartzen ari direla salatu du. "Herri mobilizazioa eta disidentzia politikoa kriminalizatzen ari dira".

Espainiako estatuaren "errepresio bidegabea" eta "neurrigabea" salatzeko, eta auzi politikoei "konponbide politiko eta demokratikoak" dagozkiela aldarrikatzeko, Madrilgo manifestazioan parte hartuko du Gure Esku Dago-k, martxoaren 16an. Oharrean, herritarrak mobilizatzera deitu ditu, "guztion eskubide zibil eta politikoen defentsan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.