Euskara

Euskaltzaindian izan da Pedro Sanchez

Espainiako Gobernuko presidente batek euskararen akademiara egindako lehen bisita izan da.

Urrutia, Sanchez eta Aburto, gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. /
Urrutia, Sanchez eta Aburto, gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. / Euskaltzaindia

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko martxoak 6

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 45 minutuko bisita egin du Euskaltzaindiaren egoitza nagusira: 12:00etan iritsi eta 12:45etan joan da. Iragarri baino luzeagoa izan da. Estreinakoz joan da Espainiako Gobernuko presidente bat euskararen akademiara. Talde argazkia egin du zuzendaritzarekin, ohorezko liburuan idatzi du eta Azkue Bibliotekak dituen harribitxi batzuk ezagutu ditu, Andres Urrutia euskaltzainburuaren ahotik.

Ez du adierazpenik egin; ohorezko liburuan idatzi duena irakurri baino ez, Urrutiak hala eskatuta: "Euskararen errege akademiari, bere zuzendaritzari eta langileei, eta, haien bidez, euskal herriari [pueblo vasco], historia luzea eta are etorkizun oparoagoa duen euskarari esker, euskal eta espainiar gizarteak aberasten jarrai dezaten. Harrotasunez eta ohorez, besarkada bat, Pedro Sanchez". Gaztelaniaz idatzi du. Iristerakoan opatutako "egun on" izan da euskaraz esan duen bakarra.

Euskaltzainburuaren esanetan, Sanchezen bisita "erakargarria eta garrantzitsua" izan da, baina ez bakarrik Euskaltzaindiarentzat: "aitortza izan da euskal kultura eta euskararentzat". "Begirunea eta harremanak mantentzea" eskatu diote Espainiako Gobernuko presidenteari. Beste eskaera zehatzik ez diotela egin argitu du Urrutiak: "Horiek, egitekotan, hurrengo presidenteari". 

Euskaltzaindiaren lana azaldu du Urrutiak Sanchez joan osteko agerraldian. "Euskal Herriaren osotasuna hartu eta euskara eta euskal kultura aldeztea eta aurrera eramatea:  hori da Euskaltzaindia". Mendeurrenarekin bat egin du bisitak. Urrutiak aitortu du urteotan une gazi-gozoak izan direla. Baina gurago izan du "itxaropenez betetako" etorkizunari begiratu. 

Hiru opari hartuta joan da Sanchez: Axularren Gero, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae eta Poza lizentziatuaren Antzinako Espainietako hizkuntza.