Frankismoko biktimak

Muñecas kapitainaren aurkako beste lau kereila aurkeztu dituzte

Donostiako auzitegian aurkeztu dituzte; 1976an, atxilotuta egon zirela, jasandako torturen berri eman dute

jarraia163671.jpg
arantxa iraola
2019ko martxoaren 6a
15:35
Entzun

Mikel eta Josu Arrizabalaga anaiek, Aitor Aramaiok eta Arantxa Markaidek aurkeztu dituzte kereilak. Urtarrilean beste sei lagunek Tolosan (Gipuzkoa) urratutako bideari atxikita, guardia zibilak egindako torturak epaitzeko auzibidea hasteko ahalegina egin dute. Josu Arrizabalagak aurkezterik ez du izan gaurko agerraldira; beste hirurek lekukotasun gordinak plazaratu dituzte auzitegira sartu aurretik, zenbait unetan malkoei eutsi ezinik. Torturak "sistematikoak" izaten zirela deitoratu dute. Denak egon ziren atxilotuta 1976ko apirilean, Donostian, guardia zibilaren mende. Biluzik, jarrera umiliagarrietan, askotariko torturak egin zizkietela salatu dute. Aramaio: "Hiltzen sentitzen zara".

Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak deituta, elkarretaratze bat egin dute auzitegi parean. "Egia eta justizia" eskatu dituzte. Josu Ibargutxi plataformako ordezkariak adierazi du "zigorgabetasuna" egon dela frankismoko krimen askoren inguruan, eta 1960ko eta 1970ko hamarraldietan Muñecas kapitainak aginduta egin ziren torturak horren adibide argia direla. Argentinan krimen horiek argitze aldera abian dagoen auzibidearen bidez egin zen ahalegina kapitain hori epaitzeko, baina ez zuen aurrera egin. Horregatik, orain Espainiako justizia sisteman egin nahi da saioa. Tolosan aurkeztu ziren hainbat kereila, Donostian orain. Gehiago ere ipintzeko asmoa dagoela esan dute plataformako ordezkariek.

"Auzibideak irekiko dituzten epaile ausartak behar ditugu orain", adierazi du Ibargutxik. Gainerakoan, salaketak atzera botatzen badizkiete, helegiteen bidez aurrera egiteko asmoa dute. "Delitu mota hauentzat ez dago preskripziorik".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.