Irrati lizentziak

"Ganorazko deialdirik gabe", lizentziarik gabe jarraituko duela salatu du Bilbo Hiriak

Eusko Jaurlaritza: eta gure lizentzia noizko? izenburuko agiria sinatu dute irratiko esatariek eta kolaboratzaileek, baita Uriola atariak, Prest aldizkariak eta Arrosa irrati sareak ere.

Bilbo Hiriaren saio bat, Aste Nagusian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 6a
07:53
Entzun

Duela egun batzuk jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak FM bidez emititzeko hamazazpi irrati lizentzia eman dituela, behin betiko. Bitartean, Bilbo Hiriak salatu du lizentziarik gabe jarraituko duela, "Eusko Jaurlaritzak irratien ganorazko deialdia egin ezean". Irratiko esatariek eta kolaboratzaileek kezka azaldu dute: "Ez du ematen halako deialdirik egingo duenik".

Eusko Jaurlaritza: eta gure lizentzia noizko? #BilboHiriakBerea izenburuko agiria plazaratu du euskarazko irratiak. Gogoratu du Bilboko eta Bilborako euskarazko irrati bakarra dela Bilbo Hiria: "Gizarte eta kultura gaietan zentratua, eta gure hiriko auzoetako bizitza soziala euskaraz islatzeaz gain, musika, literatura, zinema, bertsolaritza, irakaskuntza, haurren mundua, teknologia, ekonomia, sexologia, historia, ekologia eta zientzia dibulgazioa jorratzen ditu bere saio ugarien bidez eta kolaboratzaile askoren ekarpenari esker".

Irabazi asmorik gabeko irratia da Bilbo Hiria, eta ekonomikoki ahalegin handia egiten du Zenbat Gara elkarteak. "Gure jardunerako lagungarri litzateke lizentzia izatea hainbat arrazoirengatik", diote agiriaren sinatzaileek. "Adibidez, gure FM irrati seinalea hobetu ahal izango genuke, indar eta kalitate handiagoz igorriz, eta diru laguntzak jaso ahal izango genituzke irrati moduan". Jaurlaritzak lizentzia edukitzea eskatzen du laguntzetara aurkeztu ahal izateko. "Urtetik urtera, lizentziarik gabe egoteak kaltetzen gaitu, eta 22 urte beteko ditugu laster".

2012. urtean Jaurlaritzak lizentziaren deialdia egin zuenean, Bilbo Hiriak salatu zuen lehiaketa hura ez zegoela irrati txiki eta euskaldunen neurrira egina. Beste irrati batzuek eta zenbait eragilek ere salatu zuten gaztelania hutsezko lizentziak banatzeko egina zela, eta euskara baztertzen zuela.

"Hala ere, aurkeztu ginen lehiaketa tranpati horretara", dio Bilbo Hiriako agiriak. "Ahalegin ekonomiko eta pertsonal handia eginez, egitasmo ekonomiko, tekniko eta profesinal txukuna aurkeztuta... Eta ez ziguten lizentziarik eman. Nahiago izan zuten egitasmo hutsak zirenei esleitu, inoiz gauzatuko diren ez dakigunak".

Irregulartasunak tartean, Jaurlaritzak 2012ko abenduan erabaki zuen lehiaketa bera eta hark ezarritako behin-behineko adjudikazioak bertan behera uztea. "Orduan pentsatu genuen Iñigo Urkullureen Jaurlaritza berriak, luze gabe, zapuztutako lehiaketaren balorazioetan izandako irregulartasunak zuzendu eta lehiaketa haren ordez, ganorazko beste bat abiatuko zuela. Lopezen garaikoak ez bezala, irabazi asmorik gabeko irrati komunitarioak aintzat hartuko zituena, egindako ibilbidea eta ekarpen soziala kontuan hartuko zituena..." Ez zen halakorik gertatu, ordea.

"Gauzak horrela, epe laburrean Bilbo Hiria irratiaren jarraipena kolokan dago, lizentziarik gabe, eta FMaren 96.0an ganorazko seinale bat hedatzeko gero eta zailtasun handiagoekin, lizentziadun erdal irrati indartsuen artean estututa", salatu dute irratiko esatariek eta kolaboratzaileek. Eusko Jaurlaritzari galdera zuzena egiten bukatu dute agiria: "Noiz emango diozue behingoz Bilbo Hiriari dagokiona?"

Atxikimendua eman nahi duen orok honako helbide elektronikora idatz dezake: [email protected]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.