Alaiz Kolektiboari eman dio Berdinna saria Nafarroako Gobernuak

56 urteko ibilbidean "emakumeen eskubideen aldeko konpromiso irmoari eusteagatik" jaso du saria elkarteak, Uxue Barkos lehendakariak nabarmendu duenez.

Berdinna saria emateko ekitaldia, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 6a
14:43
Entzun

Iaz sortu zuen Nafarroako Gobernuak Berdinna saria —Blanca Fernandez ikerlariari eta IPES elkarteko sortzaileetakoari eman zioten—, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, eta Alaiz Kolektiboko kideek jaso dute aurten. Arratsaldean egin dute ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, eta Uxue Barkos lehendakariak azaldu duenez, "emakumeen eskubideen aldeko konpromiso irmoari eusteagatik" erabaki dute saria Alaizekoei ematea: "Emakumeen parte hartze soziala bultzatzeko eta, beharrezko tresnen laguntzaz eta baldintza-berdintasunean oinarrituta, emakumeek bizitza publikoan parte har dezaketela frogatzeko egin duen lanagatik". Elkartearen izenean, Maite Perez Larunbe lehendakariak, Ana Berrade Adot idazkariak eta Toñi Marin Valle batzordekideak jaso dute golardoa.

Ekintza sozio-hezitzaileak egiten dituen elkarte bat da Alaiz Kolektiboa, eta 56 urteko bidea egin dute dagoeneko. 1960ko hamarkadan hasi ziren lanean, bide horretan guztian, 40.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute haien jardueretan. Perez Larunbek azaldu duenez, helburu beraren inguruan aritu dira beti: "Gizartea oinarritik eraldatu eta gizarte kezkatuagoa, kritikoagoa, jakintsuagoa eta bidezkoagoa sortzen laguntzea".

"Konkistak ez daude bermatuta"

Kolektiboko lehendakariak nabarmendu du "aurrerapauso handiak" eman direla mende erdi honetan, "desberdintasun asko bistaratu" direla irtizita. Perez Larunberen hitzetan, ordea, "konkistak ez daude inolaz ere bermatuta". "Berdintasunaren fantasia lanean, maitasunezko harremanetan, gurasotasunari heltzeko moduetan eta genero indarkerian eteten da. Soldata etenez ari gara, kotitazioez eta zainketa lanez, baita aginteaz eta sinesgarritasunaz ere".

Ekitaldian parte hartu dute, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko presidenteak ez ezik, gobernuko beste kide batzuek ere: Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik; Ogasun kontseilari Mikel Aranburuk; Lehendakaritza, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumontek; Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, eta Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Dominguezek. Han izan da Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Mertxe Leranoz ere.

Besteak beste, Alaiz Kolektiboaren "espiritu kritikoa" goraipatu du Ana Ollok: "Emakume eta esparru mota guztiei irekitako askotariko proiektuak bultzatu eta ikuspegi feminista txertatu dute, emakumeak dagokien dimentsio sozialaz jabe daitezen".

[youtube]https://youtu.be/kgJs7n_cK_I[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.