Aitatasun baimenak luzatzea apirilaren 1era atzeratu du Espainiako Gobernuak

Carmen Calvo Espainiako presidenteordearen arabera, gobernuak denbora eman nahi izan die enpresei aldaketara egokitzeko.

jarraia163708.jpg
2019ko martxoaren 7a
11:49
Entzun

Espainiako Gobernuak emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko onartu dekretua gaur argitaratu da Espainiako buletin ofizialean, eta, beraz, bihartik aurrera jarriko da indarrean. Dekretuak baina, zenbait salbuespen jasotzen ditu azken xedapenean. Horietako batek, apirilaren 1era atzeratzen du aitatasun baimena bost astetatik zortzira luzatzeko neurria.

Gobernuaren esanetan, sistema informatikoa prestatzen amaitzeko atzeratu du baimena luzatzea. Horrez gain, "amatasun baimena" kontzeptua "jaiotze baimenak" kontzeptuarekin ordezkatu behar duela adierazi du. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak azaldu du enpresei egokitzeko denbora eman nahi izan diela gobernuak. Izan ere, kexu agertu ziren horiek lege dekretua aurkeztu zutenean.

Dekretuak zehazten duenez, bi gurasoek batera hartu beharko dituzte baimeneko lehen bi asteak, eta gainontzeko seiak haurrak urtebete bete aurretik hartu beharko dituzte. Espainiako Gobernuaren asmoa litzateke 2021erako amatasun eta aitatasun baimenak hamasei astera parekatzea. Hortik aurrera bi gurasoek erditu eta berehala hartu beharko dituzte baimeneko lehen sei asteak eta haurrak lehen urtea bete artean banatu ahal izango dituzte gainontzeko hamarrak.

2007an Espainian Berdintasun Legea onartu zen arte, bi egun besterik ezin zuten libre hartu aita berriek Hego Euskal Herrian. 2013rako zegoen aurreikusita hilabetera luzatzea, baina 2017aren hasierara arte ez zuten gauzatu. Iazko uztailean, berriz, bost astera luzatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.