SEXU ABUSUAK

Sexu abusuen salaketak Indautxuko jesuiten ikastetxean

Ikastetxeak berak eman du salaketen berri ohar batean, eta jakinarazi du "entzuteko eta harrera egiteko lana" hasi duela.

Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxea. /
Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxea. / Luis Tejido/EFE

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko martxoak 7

Sexu abusuei buruzko salaketa gehiago iritsi dira ikastetxe erlijiosoetan. Bilbon zeresan handia eman dute Deustuko salestarren ikastetxean salatutako abusuek, eta Garesko Erreparaziokoen eskolan. Ez dira kasu bakarrak: Bilboko Indautxu auzoko jesuiten ikastetxean ere izan dute abusuen berri.

Joan den ikasturtean ezagutu zituzten, Jorge Urrutia Indautxuko jesuiten ikastetxeko zuzendariak BERRIAri azaldu dionez. "Jesusen Lagundiak sexu abusuen aurka martxan ipinitako prozeduraren barruan, ikasle ohi batzuek kontatu ziguten eurei zer gertatu zitzaien. Ez zuten salaketarik jarri: soilik Lagundiari kontatu zioten". Hiru ikasle ohi dira, eta dagoeneko hilda dagoen irakasle bati egotzi dizkiote abusuak.

Hiru biktimek ez zuten nahi inork nor diren jakiterik; beraz, zuzendariaren arabera, gaur egun web orrira sartu eta parez-pare ikus daitekeen ohar orokorra idaztea erabaki zuten. Azaroaren 15ean banatu zuten gurasoen artean, eta ordutik dago sarean. "Testuan kontatu dugu abusu batzuen berri izan dugula, eta azaldu dugu zer prozedura dugun halakoei aurre egiteko. Lortu nahi duguna da kasu gehiago egongo balira, biktimek guregana jotzea, guk ikertu eta salatzeko".

Oharra argitaratu zutenetik ez dute beste kasurik ezagutu. Uste du orain hedabideetan zabaldu izanak ikasle ohiengana iristen lagunduko diela. Bigarren helburu bat ere badu mezuak: "Prebentzio neurri izatea ere nahi dugu, etorkizunean. halakorik ez gertatzeko; norbaitek abusatzeko asmorik balu, ikastetxeak salatu egingo duela jakin dezala".

Eskolak adierazi du "entzuteko eta harrera egiteko lana" jarri duela martxan, eta "zentroan egon daitezkeen balizko jazarpen kasuak prebenitzeko eta tratatzeko" lana ere abian dela. Eskolak helbide elektroniko bat sortu du horrelako salaketak egiteko. "Gure hezkuntza inguruan gehiegikerien biktima izan dela sentitzen duen pertsona orok gure ikastetxean entzuna izateko eta harrera egiteko gune bat izatea nahi dugu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna