Argazkilaritza

'A Whiter Shade of Pale' erakusketa ireki dute Artegunean

Herbehereetako hiru argazkilari garaikideren lanak biltzen ditu: Hellen van Meene, Carla van de Puttelaar eta Sanne De Wilde. Herrialdeko arte tradizio barrokoaren oinordeko dira hirurak.

Sanne De Wilden 'Snow White' serieko argazki bat. ARTEGUNEA
itziar ugarte irizar
2019ko martxoaren 7a
16:35
Entzun

Ramon Esparza komisarioak batu ditu hiru argazkilariak Donostiako Kutxa Kultur Artegunean, Tabakaleran. Bakoitzak bere ibilbide eta estiloa ditu, baina bada lotzen dituen ezaugarri nabarmen bat, Esparzaren arabera: iparraldeko argia. Herbehereetako arte barrokoko koadroetan nola, argazkilari garaikide hauen lanetan ere leku zentrala jokatzen baitu herrialdeko argi zuriak. Ekainaren 2ra bitarte bisitatu ahalko da erakusketa.

"Erretratua ulertzeko eta postmodernitatearen urteetako argazkigintza berrikusteko" modu bana aurkeztu dute hiru artistek. Beheko solairua Van de Puttelaarren eta Van Meeneren obrak hartu dute. Lehenengoak "emakume gorputzak" izan ditu bere obraren erdigunean hasieratik, Rubens eta Rembrandt moduko margolari flandiarren argi hotz eta tonu hitsak gogora ekartzen duten estetikarekin. Van Meenen irudiek, aldiz, gaitegi zabalago bat hartzen dute; bere ibilbidearen hasieratan landutako nerabezarotik gaur egun lantzen ari den maskoten irudietara.

Sanne de Wilden argazkiak goiko pisuan jarri dituzte. Hiruretan gazteena da artista, eta obra desberdinena duena. Snow White serieko irudiak jarri ditu ikusgai Artegunean, albinismoa duten pertsonen erretratuekin osatuta dagoena. Gaitzak dakarren ezaugarrietatik abiatuta, begiradarekin "bestea" markatzeko moduez gogoeta bultzatu nahi du De Wildek. "Pertsona zaurgarriak dira, baina zaurgarritasun horren indarra azaleratzen saiatzen naiz".

Artegunean ohi denez, jarduera osagarriek lagunduko dute erakusketa: larunbatean, Helen van Meenek bere obraren inguruko masterclass bat emango du, 19:30etan; eta maiatzaren 9an, ostegunez, Ramon Esparza komisarioak hitzaldia emango du, Geldiarazitako unea. Pintura barrokotik gaur egungo argazkigintzara izenekoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.