Diru politika

EBZk ez du espero interes tasak aurten igotzea

Aurtengo udan interesak igotzea espero zuen, baina euroguneko ekonomiaren ahulaldiak erabakia atzerarazi du.

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea, artxiboko irudi batean. STEPHANIE LECOCQ, EFE
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 7a
14:59
Entzun

Interes tasa ofizialak %0n jarraituko dute, "gutxienez 2019 amaierara arte", iragarri du Europako Banku Zentraleko gobernu kontseiluak. Are gehiago, "behar bezain beste denbora" jarraituko dute maila horretan, horrekin laguntzen badu inflazioak %2ko mailara gerturatzea epe erdian. 

Ekonomiari bultzada emateko eta inflazioa handitzeko, APP zorra erosteko programaren bidez bueltan jasotako dirua berriro inbertituko duela baieztatu du EBZk. 2018ko abenduan itxi zuen programa hori, eta aurten 183.000 milioi euro itzuli behar dizkiote zorra jaulki zuten estatuek eta erakunde pribatuek. .

Hirugarren erabaki bat ere hartu du banku zentralak, bankuek nahiko finantzaketa dutela bermatzeko. Irailean hasita, TLTRO programaren hirugarren saioa jarriko du abian. Horren bitartez bi urterako mailegu merkeak emango dizkie euroguneko finantza erakundeei, likideziarik gabe gera ez daitezen.

Ekonomiaren hazkunde iragarpenak txikitu ditu banku zentralak, onartu baitu uste baino gehiago irauten ari direla hazkundea moteltzen duten faktoreak. Horrela, kalkulatu du aurten %1,1 haziko dela euroguneko barne produktu gordina, %1,6 2020an, eta %1,5 2021an. Abenduan, esaterako, %1,7ko hazkundea iragarri zuen aurtengorako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.