MEMORIA HISTORIKOA

'Billy el Niño' ikertzea onartu du Madrilgo epaitegi batek

Gizateriaren kontrako delituengatik ikertuko dute, beste lau polizia ohirekin batera. Frankismoaren krimenen gaineko lehenengo ikerketa izango da.

Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño', artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 7a
06:15
Entzun

Madrilgo 35. epaitegiak eman duen "aurrerapausoa" txalotu du CEAQUA frankismoaren krimenen kontrako kereila argentinarraren aldeko estatu koordinakundeak. Izan ere, frankismoaren krimenak lehenengoz ikertzeko bidea ireki du Maria Isabel Durantez epailearen erabakiak.

Frankismoaren garaian egindako eskubide urraketen kontrako 30 kereila aurkeztu dira orain arte, eta horietako hainbat artxibatu egin dira. Elgetako Udalak ipinitako kereila izan zen tramitera onartu zen lehena, 2017ko abenduan, baina pozak gutxi iraun zien salaketaren bultzatzaileei. Krimenak ofizioz ikertzeko agindu zuen epailea ordezkatu zuten, deklarazioak hasi aurreko astean, eta kereila artxibatzeko agindua eman zuen epaile berriak.

Orain, beste zirrikitu bat ireki da, Madrilen. Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño ezizenarekin ezagun dena ikertzeko agindu du Espainiako hiriburuko epaitegi batek. Billy el Niño Brigada Politiko Sozialeko inspektorea izan zen frankismo garaian. Beste lau polizia ohi ere ikertzea onartu du. Guztiei, gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkie. Besteren artean, legez kanpoko atxiloketak, hilketak, lesioak eta torturak.

CEAQUAk adierazi du biktimen "bultzadaren eta irmotasunaren ondorio" izan dela erabakia. Elkartearen iritziz, epaitegiaren urratsak Fiskaltzaren irizpidean eragin behar du. Biktimek Fiskaltzari eskatu diote "hain larriak diren krimenen ikerketa" babesten has dadila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.