Musika

Gregory Porter eta Regina Carter Gasteizko 43. Jazzaldian ariko dira

Zuzendaritza talde berriak jaialdia fase berri batean sartu nahi du "publiko berriak" erakartzeko.

Gregory Porter, 2017an, Donostiako Jazzaldian. JO URBE / FOKU
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 7a
15:58
Entzun

Iazko jaialdiaren ostean, Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiaren zuzendariak erretiroa hartu zuen, eta haren lekua hartu du Alberto Ibarrondok. Izen aldaketarekin batera, jazzaldiari ahaire berriak emateko asmoa azaldu dute, gaur Gasteizen eginiko agerraldian, Ibarrondok berak eta Iñigo Zarate jazzaldiko presidenteak.

Norabide aldaketa horren lekuko dira aurtengo ekitaldirako iragarri dituzten lehen izenak, horietako asko orain arte Gasteizko Jazzaldian inoiz aritu gabeak. Horien artean Gregory Porter kantariaren izena nabarmentzen da. Estatubatuar crooner gaztea behin baino gehiagotan izan da Donostiako Jazzaldian, baina aurreneko aldia izango du Gasteizen. Ibarrondok azaldu duenez, Nat King Coleren kantutegian oinarritutako kontzertua egingo du Porterrek, baina urrian kaleratzekoa den disko berriko piezak ere interpretatuko ditu. Uztailaren 18an ariko da Mendizorrotzan, eta haren aurretik Regina Carter biolinistak joko du leku berean.

[youtube]https://youtu.be/YvEFc-CHcZc[/youtube]

Jazzaldia uztailaren 16an hasiko da ohiko gospel kontzertuarekin, eta, aurten, genero horretako talderik esanguratsuenetakoa izango da Mendizorrotzan: Golden Gate Quartet. Hurrengo egunean, berriz, Marco Mezquida pianista kataluniarraren inguruan sortutako MAP hirukotea eta Gasteizko Udal Banda elkarrekin ariko dira, eta segidan Danilo Perezek, Avishai Cohenek, Larry Grenadierrek, Chris Potterrek eta Jonathan Blakek osatutako boskoteak joko du.

Mendizorrotza izango da aurten ere jazzaldiaren epizentroa, baina Principal antzokian ere egingo dituzte kontzertuak: uztailaren 15ean Benny Golson saxofoi jole beteranoari egokituko zaio programazioa hastea, eta jarraian oholtza berean ariko dira, 20ra bitartean, Marco Mezquida, Nubya Garcia, Martan Sanchez Quintet, Iñigo Ruiz de Gordejuela eta Ambrose Akinmusire & Kool A.D.

[youtube]https://youtu.be/M9V-SQbjMz8[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.