Inor ez gara gure izaerari uko eginez gero

2019ko martxoaren 7a
19:15
Entzun

Etxerat-eko bozeramaileek 2019ko martxoaren 1ean egindako adierazpena entzun berri dugu, eta badakigu hori ez dela Etxerat-eko kiderik gehienen sentimendua.
Kontu bat hasteko, Etxerat-ek presoen, iheslarien eta deportatuen aipamena egin eta euskal errepresaliatu politikoak zerrendatzen ditu, horregatik, ez da onargarria, gure nazio eta klase etsaien biktimekin asmoak batu nahi duenak, Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala lortzeko borrokan ibilitakoak eta oraindik espetxeratuak arbuiatzea, EPPK barnean ez badaude ere.
Nolatan halakorik, Etxerat-eko bozeramaileok, duela lau egunera arte Lurreko elkarterik neutralena  izateko helburua edukirik? Ez al duzue txintik ere esaten Ezker Abertzale Ofizial eta Erreformistaren errendizioarekin bat ez datozen euskal preso politikoez, etsaiari armak entregatu eta haren legea ondorio guztiekin onartu izanagatik?
Nolatan da posible, hainbat gairi inguruko iritzi politikorik ez plazaratzea aldarrikatzen zuen senideen elkarte batek halako adierazpena egiterik, existitzen ez den errua bere gain harturik? Zer dela eta barkamena eskatzeko behar hori, politika mailan espainiar eta frantses legeriak defendatzea izan bada egin duen gauza bakarra?
Berriro diogu, Etxerat-ek, eta lehenago Senideak-ek, senitarteko euskal preso politikoen oinarrizko giza eskubideak babesten jarduten zuen, funtsean, presoak hurbiltzeko legezko arautegi espainiarra aldarrikatzen zuen, hau da, Euskal Herriko edo gertuko espetxeetara hurbiltzeko aldarrikapena, gehiagorik ez.
Etxerat-ek ez du inoiz amnistiaren aldeko aldarrikapenik egin, bere jardun-eremuarekin bat ez zetorrelakoan edo ez datorrelakoan. Baina orain anaitasunezko besarkada bat eman nahi dio sistemari, senitartekoak oraindik espetxeratuak dituen eta Euskal Herria okupatzen eta esplotatzen duen sistema izanik, hain zuzen ere.
Gaur egun, senitartekoen eskubideen aldean, bestelako biktimekiko begirune eza aldarrikatzen dute jendaurrean. Edonola ere, politika arloan sartu direnez (etsaiaren eskemapean), lehenengo eta behin, aintzat hartu beharko lituzkete Euskal Herriaren eskubideak. Enegarrenez diogu, irtenbide duinerako ezinbestekoa da borroka, errepresioa, Euskal Herriaren eskubideak eta bere defendatzaileen eskubideak aitortzea.
Etxerat-eko bozeramaileek itsu-itsuan betetzen dituzte gure etsaien gidaliburuetako (guztiz ezagunak) oinarri politikoak, ideologikoak, sentimenduzkoak eta matxinadarako taktika nahiz estrategia.
Jakin behar da zergatik borrokatu zuten gure senitartekoek, bada, Euskal Herria independente eta sozialistaren alde egitearren. Zer dela eta esatea inoiz ez zuela gertatu behar? Borrokarik gabe zerbait lortzerik izan genukeela sinestarazi nahi ote diguzue?
Zer ez zuen/ez da gertatu behar? Agian okupazio eta esplotazioaren kontra borrokatzea? Argi hitz egin! Borrokatu behar genuen ala ez! Borrokatu izan ez bagenu, inperio espainiarrak edo frantsesak nazio gisa aitortu izan ote gintuzketen? Edo errespetatu izan ote zuketen gizarteak gure Herrirako erabakitako estatusa?
“Euskal gobernuz” ari zarete, hau da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa besterik ez. EITBren hizkera bera darabilzue, Euskal Herriaren etsaien modura hitz egiten duzue. Berriro diogu, Etxerat-eko bozeramaileengana zuzentzen gara. Aski dira Euskal Herriarekiko irainak eta jasan duen sufrimendu osoa! hau da, maila pertsonalean, tortura, euskal izaeraren ukazioa, bai eta, giza kolektibo gisa eta Herri gisako ukazioa ere.
Zein etorkizunez ari zarete? Bietako bat: edo Euskal Langile Herriaren aldeko borrokan parte hartu dugunok (eta parte hartzen dugunok) berriro ez dugula egingo esan beharrean gaude, edo Espainiak eta Frantziak aitortu behar gaituzte, eta ez dago erdibiderik, alabaina, ezta barkamena eskatzea ere ez diegu erreklamatu, beste batzuek modu lotsagarrian egin duten bezala.
Etxerat gizarteaz eta haren ordezkari politikoez aritzen da. Beste behin diogu, hori ez dela Etxerat-eko kiderik gehienen pentsamoldea. Zein gizartez ari dira? Zein ordezkariz? Zein egoera demokratikoz?
Errespetua diogu edozein pertsonaren atsekabeari, baina Euskal Herria eta haren defendatzaileak dira menderaturik daudenak. Horixe dugu, ez besterik, konturik behinena, eta ezin daiteke inolaz ere bazter batean utzi.
Etxerat-eko bozeramaileok, lotsa ematen duzue. Badakizue gure euskal kide batzuek inor ikusi gabe bi ordu baino ez dutela ematen burdin hesiz inguraturik dagoen patio batean. Ez duzue gure errespetua merezi.
Gora Euskal Herria Askatua eta Sozialista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.