Bizkaia

Kaleak betetzeko milaka arrazoi

jarraia163765.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2019ko martxoaren 8a
10:09
Entzun

Berriz ere kaleak hartzera deitu ditu emakumeak Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Irakurketa erraz bat besterik behar ez duten datuak eman ditu horretarako. Besteak beste, lan kontratu partzialekin ari direnen %76,3 emakumeak direla azaldu du. Kontraturik gabe lanean ari direnen %73,8 dira emakumeak. Gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dute urtean, batez beste: %25,2 gutxiago.

Hego Euskal Herriari dagozkion datuak dira mugimendu feministak emandako horiek. Indarkeria matxista da konponbiderik gabe jarraitzen duen beste zapalketa eredu bat. Iaz, emakume bat hil zuen bikotekideak Bilbon. 2018an, %15,3 egin zuten gora sexu erasoen salaketek Bizkaian. Aurten jada hainbat salaketa egin dituzte. Emakume bat larri zauritu zen Urduñan, urtarrilean, bikotekidearen eraso bat pairatu ondoren leihotik salto eginda. Azken egunetan bi eraso gertatu dira: 20 urteko neska batek salatu zuen igandean, etxera bidean, gizon batek heldu egin ziola. Ihes egitea lortu zuen. Bilbon gizon bat atxilotu zuten herenegun bikotekide ohiari jotzen ari zitzaiola. Etengabeko jarioa. Olatz Sanchez Mugimendu Feministako kideak argi du kalera ateratzeko arrazoiak askotarikoak direla: “Emakumeon aurkako erasoak asko ugaritu dira; erabat babesgabe sentitzen gara justiziaren aurrean; prekarizazio bikoitza pairatzen dugu. Indarkeria askotarikoak bizi ditugu. Erail egiten gaituzte. Feminismoa agenda politikoetan txertatu da, eta ikusgarritasuna irabazi du. Horrek, ordea, feminismoaren aurkako iritzi uholdea ere indartu du. Baina beldurra galduz goaz, eta gure iritzia eta jarrera argiak dira: kalera aterako gara gure eskubideak defendatzeko”.

Greba “transbertsala” da aurtengoa, eta izaera sinbolikoa dauka, “jendartearen oinarria osatzen duten ardatzetan eragina duelako”. Hala, gaurko mobilizazioa bost ardatzetan banatu dute: pentsiodunak, ikasleak, kontsumoa, zaintza eta soldatapeko lana. “Ardatz horiek ezin ditugu aztertu bakoitza bere aldetik, elkarrekin konektaturik baizik. Bizitzaren esparru guztietan eragin nahi duen greba bat da, eta, hartara, emakumeok esparru horietan bizi ditugun zapalkuntzak salatu nahi ditu”.

Bost ardatz horien artean, zaintza kokatu dute erdigunean. “Emakumeek urteak daramatzate soldatapeko lanetan , eta lan harremanak aldatu egin dira, baina zaintza lanak ez dira banatu gizonekin erantzukidetasunez”. Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza politiko eta soziala galdegin dute.

Indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapen ozena egiteko ere baliatu nahi dituzte mobilizazioak. “Emakumeak birbiktimizatzen dituzten prozedura judizialak amaitzeko premia azpimarratu dugu; gure sinesgarritasunean, testigantzen balioan eta jazotakoaren aitortzan oinarritzea nahi dugu”. Bestalde, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide publiko integral eta eraginkorrak gara daitezela eskatu dute. “Justizian ere emakumeon eskubideak berma daitezela nahi dugu”.

Gizartearen eta bizitzaren esparru guztietan eragiten duten jokabideen artean gerraren eta arrazakeriaren aurkako mezuak ere zabaldu dituzte. “Inor ez da ilegala. Denok beharko genituzke eskubide berak. Gerra inperialistak babesten dituzten negozio eta politiken aurrean planto egin nahi dugu. Euskal Herriko armagintza enpresak nahiz gerra helburuekin egiten diren ekoizpenak geldi daitezela aldarrikatzen dugu”.

Kontsumo greba

Martxoaren 8 honetan “eguneroko normaltasuna apurtu” nahi dute deitzaileek: “Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu”. Horretarako, besteak beste, saltokiak itxi eta irekita daudenetan ez kontsumitzeko eskatu diete denei, emakumeei zein gizonei. Greba feminista egunetik harago, ekoiztu eta kontsumitzen denari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dute. “Hausnar dezagun zer lan baldintzatan ekoitzi diren kontsumitu ohi ditugun produktuak, beste herrialdeetako langileak edo natur baliabideak esplotatu diren, autogestioan, horizontaltasunean edota kooperatibismoan oinarritutako lan harremanak bultzatu diren…”. Pixkanaka gauzatu behar den planteamendu bat dela uste dute. “Bien bitartean, kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko deia egin dugu”. Konpromiso politikoa kontsumoaren alorrera ere zabaldu nahi dute. “Erantzukizun politikoak isla eduki behar du kontsumitzean hartzen ditugun erabakietan ere”.

Deialdia, emakumeei

Grebarako deialdia emakumeei egin diete aurten ere. Emakume kontzeptu hori izartxoarekin ageri da, ordea, esku orrietan eta abarretan. Sanchezek eman ditu horren azalpenak: “Izartxoa txertatu diogu ulertzen dugulako greba feministaren subjektu guztiak ez garela emakume gisa izendatzen. Hala, emakume hitza erabiltzen dugunean, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara. Alegia, emakumeak, bollerak, transak…. Hots, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu guztiak”.

Gizonei zaintza lanetan laguntzeko eskatu diete. Lantoki eta herrietan zaintza gune komunitarioak antolatzeko eskaera egin dute. Eta hainbat lekutan hala egin dute. Gizonek mobilizazioetan parte hartzea ez dute jo lehentasunezkotzat. Parte hartuz gero emakumeen ikusgaitasuna eta ekimena kontuan hartzeko eskatu diete.

Iazko deialdiak izan zuen erantzun zabalik ez zuten espero askok. “Urte askotako injustizia eta haserrea plazaratzeko pizgailua izan zen. Jende askok ez zuen itxaropenik planto hartan. Guk bai, ordea. Funtsean, sistema errotik aldatu behar dela aldarrikatzeko parada izan zen”. Greba egin zuten batzuek; lanuzteak beste batzuek. Ordura arte era hartako mobilizaziorik egin ez zuten denetariko emakumeak elkartu zituen deialdiak. Aldarrikapenek instituzioen eta gobernuen erantzunik ez dutela izan iritzita, beste pauso bat eman eta grebara deitzeko erabakia hartu du aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Bilboko Udalaren ekinaldiak

Martxoaren 8aren harira, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du Bilboko Udalak. Berdintasunaren alde lanean ari diren emakume guztiei omenaldia egitea du helburu. Itsasadarrean zehar datorren olde handi baten gisa irudikatu ditu emakumeak. Iaz hiriburuko kaleak bete zituzten milaka emakume protagonista izan zituen egun historikoa gogorarazi nahi du diseinatu duten irudiak.

Atzo topaketa egin zuten eskoletako talde feministekin. Bertan, aitortza egin zieten 2011z geroztik Bilboko 13 ikastetxetako talde feministetan parte hartu duten gazteei.

Datozen egunetan, berriz, 20. Bilbaopoesiaren barruan, hainbat poetaren olerkiak irakurri ahalko dira Zazpikaleetan. Hain zuen, poesia jaialdiaren egoitza den Bidebarrieta liburutegiaren inguruko merkataritza eta ostalaritza establezimenduek 300 laino more jarriko dituzte erakusleihoetan. Horietan, besteak beste, Miren Agur Meaberen, Beatriz Txibiteren, Itxaro Bordaren, Amaia Iturbideren eta Idurre Eskisabelen olerkiak jarriko dituzte. Azkenik, morez argiztatuko dute udaletxearen fatxada nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.