Hezkuntza eta Osasuna

Ikastetxe publikoetako langileen erdiek egin dute greba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ikastetxe guztien %47 aztertuta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du langileen ia erdiek bat egin dutela grebarekin. Osakidetzan, ia %12koa izan da parte hartzea.

Zumaiako Herri Eskolako ikasle eta langileek bat egin zuten martxoaren 8ko grebarekin. ZUMAIAKO HERRI ESKOLA
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 8a
10:13
Entzun

Martxoaren 8ko greba deialdia sare publikoan izaten ari den eraginari erreparatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta zabaldu ditu Hezkuntza eta Osasun sailetako parte hartze datuak. Orain artean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen %47ren gaineko informazioarekin, 4.755 langilek egin dute bat grebarekin; hau da, aztertutako ikastetxeetako langileen %48k. Irakasleak, hezkuntza laguntzako espezialistak eta Hezkuntza sailaren menpeko bestelako langileak hartu dituzte kontuan neurketarako.

Haurreskolak Partzuergoan, eskola guztien gaineko informazioa jasota, hiru langiletik bik egin dute greba (%66). Datu horiek guztiak greba deialdiarenak dira, Jaurlaritzak ez baitu ordukako geldialdien jarraipenik egin.

Osakidetzako osasun azpiegituretan apalagoak dira grebaren eraginaren inguruko datuak: guztira, ia langileen %12k egin dute greba. Lurraldeka, %12k Araban, %11k Bizkaian, eta %13k Gipuzkoan. Lan kategorietan banatuta, sendagileen %6k egin du bat grebarekin; erizainen %15ek, eta gainerako osasun langileen %14k.

Mobilizazioak NUPen

Klaseak bertan behera geratu dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate askotan, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere grebarekin bat egin dute zenbait ikasle eta langilek. Ikas komunitateko 150 kide inguruk hartu dute parte unibertsitate kanpoan egin dituzten ekintzetan: poemak irakurri, eta kalejira egin dute. Gainera, alderdi politikoei eskatu diete "zorroztasunarekin" lan ditzatela berdintasun politikak, eta utz diezaietela "akademiako literatura espezializatuari eta generoaren inguruko adituei" eztabaida horiek argitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.