Athletic 1 - 1 Espanyol

Azken uneko berdinketarekin, etxera

Raul Garciaren jaurtiketari esker lortu du puntua Athleticek, baina, hala ere, burumakur itzuli dira Garitanorenak.

jarraia163798.jpg
2019ko martxoaren 9a
14:35
Entzun

Berdinketarekin baina garaipen egarria berdindu gabe amaitu zuten partida Athleticekoek. Ez zen ospakizunik egon harmailetan, ez eta txalo zaparradarik ere. Burumakur itzuli ziren atzokoan jokalari eta zaleak Espanyolen aurkako norgehiagokatik. Garaipenaren bila joan eta puntu bakarra eskuratu zuten, eta hura larri, oso larri. Gaizka Garitanok berak aitortu zuen taldeak lan handia egin zuela zelaian, baina emaitza ez zela izan eurek nahi zutena.

Raul Garciak izan zuen aurrea hartzeko aukerarik, baina ez zuen lortu eta partida hasi besterik egin ez zenean sartu zuen Ferreyrak huts eta batekoa. Norgehiagokaren 9. minutuan izan zen, eta hortik aurrera berdinketa izan zen etxekoen helburu bakarra, eta izan zuten aukerarik. Williamsek eta Susaetak sortu zituzten gol aukera garbienak, baina bai batak eta baita besteak ere huts egin zuten.

Garitanok berak amaieran adierazi moduan, estatistikek argi erakutsi zuten lehen zatian lan handia egin zutela zuri-gorriek, nahiz eta emaitzik jaso ez. Jaurtiketei dagokionez, esaterako, 6-3ko aldea atera zieten Espanyolekoei.

Atsedenaldiaren ostean, Kenan Kodro zelairatu zuen Garitanok Williamsen ordez, markagailua irauli asmoz. Larri ibili ziren, hala ere, zuri-gorriak. Izan ere, Wu Lei 0-2koa sartzeko puntuan egon zen 58. minutuan. Ezusteak erasoan gotortzera eraman zituen Athleticeko jokalariak, baina beste behin ateraino heldu gabe. Bitan ahalegindu zen Raul, behin San Jose, eta beste behin Ibai eta Muniain. Azkenean, Raul Garcia izan zen etxekoei arnasa eman ziena, 81. minutuan sartutako golari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.