Osasuna

Egun gogoangarria bizi izan du Osasunak Sadarren

10.250 ikusle bildu dira Osasunaren eta Eibarren arteko derbia ikusteko. Osasunak 2-1 irabazi dio Eibarri, eta lehen mailara igotzeko borrokan jarraitzen du.

2019ko martxoaren 11
09:37
Entzun

Osasunako zaleek egun historikoa bizi izan zuten, atzo, Sadarren. Klubak bigarrenez ireki zizkion estadioko ateak emakumezkoen taldeari, eta erantzuna bikaina izan zen. 10.250 ikusle batu ziren harmailetan. Emakumezkoen Espainiako bigarren mailan inoiz izan den ikusle kopururik handiena da —gizonezkoen bigarren mailako partida askotako ikusle kopurua gainditzen du—, eta, emakumezkoen lehen mailakoak kontuan hartuta, inoiz bildutako ikusle gehienen zerrendan seigarrena.

Osasuna lehen mailara igotzeko borrokan murgilduta dago, eta lehia horretan jarraitzeko garrantzi handikoa zitzaion Eibarren kontrako partida. Gorritxoak 2-1 nagusitu ziren. Garaipenari esker, igoerarako promozioa jokatzeko aukerei eutsi dio Osasunak. Bi taldeak 50 puntura berdinduta zeuden, eta orain hiru puntuko aldea ateratzen dio Osasunak Eibarri. Bigarren taldeko sailkapenaren buruan, Alaves dago, 57 punturekin.

Harmailetan, aurpegi ezagun ugari izan ziren. Besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Javi Martinez eta Kike Barja Osasunako jokalariak, Roberto Martil areto futboleko jokalari gorritxoa eta Rafa del Amo Nafarroako Futbol Federazioko presidentea. Eibarreko presidente Amaia Gorostizak ere bertatik bertara ikusi zuen partida.

Aurten, ikusle kopuru handiak bildu dituzte Athleticek eta Realak ere, beren estadioetan. San Mamesek ikusle marka hautsi zuen. 48.121 zale bildu ziren taldea Espainiako Kopako final-laurdenetan animatzera. Anoetan, 18.731 ikusle izan ziren, Espainiako Kopako finalaurrekoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.