Memoria

Memoriaren "pedagogia kritikoa" egiteko eskatu du Urkulluk

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, ekitaldi bat egin dute Donostian. EH Bildu osatzen duten indarren artean, Eusko Alkartasunakoak joan dira ekitaldira. Eragindako mina "bidegabea" izan zela aitortzera deitu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Nafarroako Parlamentuak ere ekitaldi bat egin du. Alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute.

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Alderdi Ederren egin duen ekialdiko irudia. JON ARPON, @JDARPON
jon olano
2019ko martxoaren 11
07:22
Entzun

Martxoak 11 da gaur, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna. Horren harira, ekitaldi bat antolatu du Jaurlaritzak Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan, eta ordezkaritza politiko zabala izan da. Hain zuzen, ekitaldi horretan parte hartu dute Jaurlaritzako gobernu kontseilu osoak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiek, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia Bilboko eta Donostiako alkateek, Roberto Larrañaga Konfebaskeko presidenteak...

Alderdi politiko gehienek ere ordezkaritza bat bidali dute, eta Alderdi Ederren izan dira, besteak beste, Iñigo Iturrate eta Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak eta Alfonso Alonso PPko EAEko presidenteak. EH Bildu osatzen duten indarren artean, EAko kideak joan dira ekitaldira: Pello Urizar idazkari nagusia, besteak beste. Horien artean, biktima ugari: ETAk, KAAk GALek eta BVEk hildakoen senideak, Gorka Landaburu ETAk zauritutako kazetaria...

Musika emanaldi baten ondoren, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartu du hitza. Bidegabea izan zenGizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz leloa aukeratu du Jaurlaritzak ekitaldirako, eta mezu horretan oinarritu du Urkulluk bere hitzaldia. Azpimarratu du indarkeria "bidegabea" izan zela, eta memoriaren "pedagogia kritiko bat" egiteko eskatu du: "Ez zen gertatu behar, eta ez da errepikatu behar". Eragindako mina bidegabea izan zela onartzeak elkarbizitza eraikitzeko "abiapuntu" izan behar duela nabarmendu du lehendakariak. Urkulluren iritziz, ideia hori "oso oinarrizkoa" bada ere, "sakontasun eta garrantzi handikoa" da. Gizarteak biktimei mezu hori ematea kitatu beharreko zorra dela nabarmendu du. "Memoriaren pedagogia kritikoa" egitera deitu du lehendakariak.

Urkulluk aipamena egin die BVEeko eta GALeko biktimei ere. Beraien mina ere "bidegabea" izan zela adierazi du, eta indarkeria horren biktimak eta mina beti ez direla aitortu izan ohartarazi du. "Kasu batzuetan, ez da ikertu ere egin".

Lehendakariak gizarte osoari dei egin dio "aho batez" adieraztera "hiltzea, estortsio egitea, bahitzea, torturatzea edo erasotzea bidegabea izan zela".

Nafarroako Parlamentuak ere ekitaldi bat egin du Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta. Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak "memoria kritiko eta barneratzailea" eraikitzera deitu du, "biktima bakoitzaren bereizgarritasunak" kontuan hartuta.

Aznarezen iritziz, memoria ariketa horrek zilegitasuna ukatu behar dio indarkeria mota orori eta "bereziki, ETArenari, lurralde honetan gehien pairatu duguna delako".


Nafarroako Parlamentuaren gaurko ekitaldia. / GEROA BAI, @geroabai

Nafarroako Parlamentuaren ekitaldia, talde guztietako ordezkariek parte hartu dute. Bertan izan dira, besteak beste, Carlos Garcia Adanero (UPN), Koldo Martinez (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Laura Perez (Ahal Dugu-Orain Bai), Maria Txibite (PSN), Ana Beltran (PPN) eta Marisa de Simon (Ezkerra).

Martxoaren 11ko erasoak, 15 urte

Talde jihadista batek Madrilen 192 pertsona hil zituen erasoaren 15. urteurrena da gaur. 2004ko martxoaren 11n, lau trenetan bonbak leherrarazi zituzten erasotzaileek, eta eraso hark Espainiako gizartea eta politika astindu zituen. Jose Maria Aznarren gobernuak ETAri egotzi zion erasoaren ardura, poliziaren hipotesi nagusia beste bat zen arren. Poliziaren ikerketek egilea talde jihadista bat izan zela eman zuten aditzera. Hiru egun geroago, hauteskundeak izan ziren Espainian eta Aznarrek gobernua galdu zuen. PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero izendatu zuten presidente.

Handik 15 urtera, hainbat omenaldi ekitaldi egin dituzte Madrilen. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egun hura ekarri du gogora bere Twitter kontuan. "15 urte dira izuak, basakeriak eta zentzugabekeriak Espainia jo zuela. Gure historiako atentaturik tragikoena izan zen. Gaur eta beti, gure memoria dira biktimak, eraman zizkigutenak eta egunero oroimenaren minarekin bizi direnak. Ez dugu ahazten".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.