Euskal presoak

Auzitegi Nazionala Lopez de Abetxukoren harrera ekitaldia ikertzen ari da

Madrilgo epaitegi batek deklaratzera deitu ditu ETAren bi biktima, kaltetu gisa. Coviteren salaketa baten harira abiatu du ikerketa Auzitegi Nazionalak. Ustezko terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa ari da ikertzen.

Lopez de Abetxuko kartzelatik irten zen egunean, azko uztailaren 5ean.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 11
07:03
Entzun

Ramon Lopez de Abetxukoren harrera ekitaldia ikertzen ari da Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon epailea. 2018ko uztailaren 5ean, espetxean 31 urte egin ondoren, Gasteizen egin zioten harreraren harira, Madrilgo 3. instrukzio epaitegiak deklaratzera deitu ditu Ana Velasco eta Eduardo Lazaro ETAren biktimak, kaltetu gisa deklara dezaten. Bihar dira deklaratzekoak.

Lopez de Abetxukoren harreran ustez terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea ikertzen ari da Auzitegi Nazionala. Bi delitu horiengatik salatu zuen Covite biktima elkarteak ekitaldia. Covitek jakinarazi duenez, lehenengo aldia da epaile batek ustezko delitu horiek erasandako biktimak deklaratzera deitzen dituela.

Horrez gain, epaitegiak ekitaldiari buruz eta elkarte antolatzaileari buruz duten dokumentazioa eskatu die erakundeei. Lopez de Abetxuko espetxera kondenatu zuten epaiak ere aztertuko ditu, eta Ana Velascori eta Eduardo Lazarori prozeduraren parte izateko aukera eskaini die.

Lopez de Abetxuko iazko uztailaren 5ean irten zen Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia), 68 urterekin. 31 urteko zigorra bete du osorik, nahiz eta kartzelan larriki gaixo egon den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.