OSAKIDETZAKO OPOSIZIOAK

Epaileak ikerketapean jarri ditu hiru mediku, Osakidetzako oposizioen harira

Fiskalaren txostenaren ondoren, ikerketa zabaldu du Gasteizko epaitegi batek. Fiskalak zuzenean akusatutako hiru sendagileak ikerketapean jarri ditu. Osakidetzako hiru arduradunen izenak ere ageri dira fiskalaren txostenean, baina haiei buruz ez du erabakirik hartu epaileak oraingoz.

Galdakaoko ospitalea. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko martxoaren 11
07:23
Entzun

Osakidetzako oposizioetan salatutako iruzurra ikertzen hasi da Gasteizko bigarren instrukzio epaitegia. EAEko fiskal nagusiak egindako salaketaren ondoren hartu du erabakia epaileak. Carmen Adan fiskalak delitu zantzu nabarmenak ikusi zituen Osakidetzako oposizioetan, 11 espezialitatetan, nahiz eta guztietan ez duen modurik izan pertsona zehatzak akusatzeko.

Hiru espezialitatetan sumatu du mediku zehatzen esku hartzea: Anestesiologian, Angiologian eta Digestio Aparatuan. Espezialitate horietako hiru epaimahaikide jarri ditu ikerketapean epaileak, BERRIAk eskuratutako auto batean ebatzi duenez. Epaileak, gainera, hamar lagun deitu ditu deklaratzera, lekuko gisara.

Fiskalaren txostenean Osakidetzako hiru arduradunen izenak ere ageri dira: Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria —kargua utzi zuen urtarrilean—, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Ez daude zuzenean akusatuta: fiskalak epailearen irizpidearen esku utzi du deklaratzera lekuko gisa edo ikertu gisa deitzea. Epaileak oraingoz ez du erabakiri hartu horri buruz.

Behin ikerketa zabalduta, epaileak sei hilabeteko epea izango du instrukzioa ixteko, eta, kasua konplexutzat jotzen badute, beste urtebete edukiko luke. Bi delitu aipatu ditu epaileak autoan. Batetik, agirien zaintzan desleialtasuna egitea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea; kasu honetan, azterketak—; bestetik, sekretuak aurkitzea eta agertzea —ustez azterketak egin behar zituztenei filtratu zietelako edukia—.

Esparru politikoan, Eusko Legebiltzarrean proposamen bat aurkeztua dute Jon Darpon Osasun sailburua gaitzesteko. Datorren asteko ostegunean dute eztabaidatzekoa, hilaren 21ean. Elkarrekin Podemosek aurkeztu du eskaria, eta, aldaketarik ez bada, EH Bilduren eta PPren babesa jasoko du. Aurrera aterako da, beraz. EH Bilduk beste eskari bat ere egin du: Iñigo Urkullu lehendakariari eskatzea ken dezala kargutik Darpon. Oraingoz, ordea, karguan dago sailburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.