Lan gatazkak

Dia supermerkatuetan greba mugagabea hasi dute Gipuzkoan eta Bizkaian

Supermerkatu kateak, pilatu dituen zorrei aurre egiteko, lan erregulazio txosten bat aurkeztuko du hilaren 21ean, eta Hego Euskal Herrian 81 langileri eragingo diola uste dute ELA eta LAB sindikatuek.

Dia supermerkatuetako langileak greban, joan den otsailaren 27an. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 11
14:02
Entzun

Informaziorik ez dute, baina Dia supermerkatuetan Hego Euskal Herrian 81 langile kaleratuko dituztela kalkulatzen dute ELA eta LAB sindikatuek. “Ez daukagu informaziorik, lan erregulazioa Espainia mailan negoziatzen ari direlako CCOO, UGT eta Fetico sindikatuak”. Kexu azaldu da Yolema Manzana ELAko delegatu sindikala, ELA, LAB, CIG eta OSTAk ez dutelako ordezkaritzarik negoziazio mahai horretan. “Egin dugu hor parte hartzeko eskaera, baina ez digute onartu, ezta informaziorik ere; dena filtrazio bidez jasotzen ari gara, eta horrek ezegonkortasun eta zurrumurrua sortzen du langileen artean”. Hortik dakite lan erregulazioak 71 langileri eragingo diela: 61 langileri Bizkaian, hamarri Gipuzkoan, eta beste hamarri Nafarroan. Horien aurka egiteko, greba mugagabea abiatu dute gaur Bizkaian eta Gipuzkoan, ELA eta LABek deituta.

2018an 352 milioiren galerak pilatu zituen konpainiak —2017an, 101 milioi euroren irabaziak izan zituen—, eta kostuak murrizteko estrategia gisa aurkeztu dute kaleratzeak. Baina egoera “surrealistak” suertatzen ari direla salatu du era berean Manzanak, “langile gehiago behar direla dioten kartelak jarrita baitaude denda askotan”. 2017. eta 2018. urteen artean lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak egin zituzten, eta Diako Espainia iparraldeko arduradunarekin langile gehiago kontratatu ahal izateko aukeraz hitz egiten aritu zirela esan du. “Horregatik, ez dauka zentzurik orain erregulazioa aurkeztea”.

Arazoa, gainera, ez dira langileak eta supermerkatuetako salmentak, Puri Gonzalez LABeko delegatuaren arabera. “Espainian duten zorraren %9 soilik ez dago soldatei lotuta, gainerako guztia bankuekin dituzten zorrak dira”. Horregatik, kaleratzeek zentzurik ez dutela nabarmendu du. Gaur abiatu duten greba mugagabearen inguruko daturik ez dute jaso oraindik sindikatuek, baina telefonoz jasotako informazioaren arabera, “erantzun zabala” izaten ari dela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.