Enpresak

CIEk Indiako Aurangabad erosi du 110 milioi euroren truke

Aluminio injekzioko autogintza osagaiak egiten ditu Aurangabad Electricalsek.

CIE Automotive konpainiaren fabrika bat. BERRIA
xabier martin
2019ko martxoaren 12a
11:42
Entzun

CIE Automativek hedatzen jarraitzen du mundu zabalean, eta oraingoan urrats handia egin du Indian, Aurangabad Electricalsen erosketa operazioak 110 milioi euroren inbertsioa eskatuko baitio. Indiako taldeak bost ekoizpen zentro dauka herrialde horretan, Aurangabaden, Punen eta Pantnagarren. Horietan 3.300 langilek dihardute autogintzarako osagaiak egiten, batik bat aluminio injekzioa erabiliz.

Azken emaitzen arabera, salmenten %12ko ebitda marjinarekin ari da Indiako taldea. Nazioarteko konpainia askoren hornitzailea da AEL. Karrozeriaren osagaiak, galgak eta motorren osagaiak ere ekoizten ditu. 2019ko apirilerako burutuko da erosketa. CIEk "harridura" adierazi du familia batek eraiki duen talde industrialarekin: "Hazkunde iraunkorra eta errentagarria lortu dute". Mahindra CIEko kontseilari ordezkari Ander Arenazak esan du aluminio injekzioko teknologia eskuratzea ahalbidetuko diela erosketak, eta osagarria izango dela CIEren Indiako adarrak baliatzen dituen beste teknologiekin. Produktuak eta bezeroak gehituko ditu katalogora euskal enpresak.

Volkswagenen emaitzak

Autogintzaren sektore ahaltsuak arazoak izan ditzakeela zabaltzen hasi da Europan, baina lainoek ez dute oraingoz ekaitz indartsurik ekarri. Volkswagen konpainiaren emaitzei erreparatzea baino ez dago. Munduan ibilgailu gehien saltzen dituen konpainiak 12.150 milioi euroko mozkinak izan ditu 2018. urtean, aurrekoan baino %6 gehiago. Salmentak, berriz, %2,7 igo da, 235.800 milioi eurora arte. Guztira, 10,8 milioi ibilgailu saldu ditu taldeak.

Wolksburgok jakinarazi du datozen hamar urteetan 22 milioi auto elektriko ekoizteko plana duela. 70 modelo elektriko merkaturatuko ditu Volkswagenek epe horretan. Alemaniako taldeak ikatza baztertzeko "programa zabal bat" jarri du martxan, CO2 isurketak ezerezera eramateko 2050erako. Parisko Itunarekin erabateko konpromisoa duela esan du.

Dieselgate auzia eragin zuen txip iruzurgileen konpainiak ingurumena zaintzeko teknologia berrien abangoardian egon nahi du inoiz baino gehiago, baina jarrera horrek ez ditu saihesteko epaitegietan zain dauzkan demanda kolektiboak. Edonola ere, VWek iragarri du 2025erako bere autoen CO2 isuriak %30 txikiagoak izango direla 2015ean ekoitzitako autoekin alderatura. 2030 arte, auto elektriko ekoitzien kopurua %40 haziko da VW taldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.