Kolonbia

Kolonbiako bake akordioak aldatzeko prozedura iragarri du Duquek

FARCek eta NBEko egiaztatzaileek ohartarazi dute erabakiak kolokan jarriko dituela akordioak.

Ivan Duque estatuburua, astelehenean egindako agerraldian. /
Ivan Duque estatuburua, astelehenean egindako agerraldian. / Kolonbiako Presidentetza/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko martxoak 12

Presidentetzarako kanpainan zela iragarri zuen Ivan Duquek bake akordioak moldatzeko asmoa, eta kargua hartu ostean bete egin du hitza. Bart egin du horretarako lehen urratsa. Iragarri du Konstituzioaren erreforma bat bultzatuko duela akordioetan jasotzen diren puntuetatik sei aldatzeko asmoz. Harekin bat etorri da Nestor Humberto Martinez fiskal nagusia ere, eta ukatu du prozedurak bakea kolokan jartzen duenik.

Martinezen iritziz, "ohiko justiziaren eskumenak argitzea" du helburu prozedurak. "Ezin diegu utzi FARCeko gerrillari ohiei justizia trantsizionalaz baliatzen, akordioak sinatu ostean coca landatzen jarraitzen badute. Ez da hori herritarrei helarazi nahi diegun mezua", jarri du adibide fiskalak. Puntu horretaz gain, baina, aldatu nahi dituzten beste neurriek eragiten diete estradizioei, gizateriaren aurkako krimenei, genozidioei eta gerra krimenei.

Duquek hartutako erabakiaren kontra egin dute FARCek eta NBEko egiaztatzaileek ere. Gerillari ohiek oharra plazaratu dute neurriaren inguruko kezka azalduz, eta ohartaraziz horrek kolokan jar dezakeela bake akordioa indarrean sartzea. Mezuarekin bat egin dute herrialdeko hainbat kazetari, irakaste, ekintzaile eta politikarik ere. Horien artean baita oposizioko buru Gustavo Petrok ere, zeinak "bakearen alde" kalera ateratzeko deia egin dien herritarrei.

Bakerako Justizia Berezia arautzen duen legea da Duquek aldatu asmo duena. Araua 2017an onartu zuen Kongresuak eta baita Auzitegi Konstituzionalak berretsi ere. Soilik estatuburuaren beraren sinadura falta zuen neurriak indarrean sartzeko. Baina hark emandako urratsak are gehiago atzeratuko du prozesua. Horiek hala, nazioarteko egiaztatzaileek eskatu dute "ahalik eta azkarren" sar dadila indarrean legedia, auzitegiak lanean has daitezen.