Lan gatazka

Akordioa lortuta, greba bertan behera utzi dute Navarplumako langileek

Lehen aldiz, enpresako lan hitzarmena lortu dute, besteak beste, %10eko soldata igoz eta urteko lan egutegia zehaztuz

jarraia163889.jpg
joxerra senar
2019ko martxoaren 12a
16:31
Entzun

Berrogeitabat egun eta gero, Navarplumako langileek greba mugagabea egiteari utzi diote. Borroka "eredugarritzat" jo du Imanol Pascual Nafarroako ELAko negoziazio kolektiboko idazkariak eta aurki Nafarroako koordinatzaile nagusi izango denak.  Bere ustez, sindikatuaren erresistentzia kutxa "ezinbestekoa" izan da greba irabazteko, baita "langileen borrokarako gaitasuna eta batasuna" ere. "Elkarrekin sufritu dugu, eta elkarrekin egin dugu hobera. Familia bat gara", nabarmendu du Mumar Diop Navarplumako ordezkariak.

Navarpluma enpresak Arazuri eta Orkoien artean dago, eta ahate-luma eraldatzen du. Pascualen arabera, lan baldintzak "oso prekarioak" dira, enpresak milioi bat euro inguruko irabaziak izanagatik, bere kostuetan langileen soldatak %3,5ko pisua baino ez dutelako. Halaber, CEN patronalak eta Sodenak akordioa dute hitzartuta eta hari esker finantzaketa publikoa jasotzen du enpresak. Horregatik, eta Navarplumaren moduko gero eta enpresa gehiago daudelko, "borroka estrategikotzat jo du ELAk.

Iaz apirilean, "enpresak eragozpen ugari jarri arren", hauteskunde sindikalak egin ziren eta ELAk hiru ordezkari lortu zituen. Gerora, lehen akordio bat lortu zuten enpresak izendatutako bitartekari batekin, baina hura ez zen inoiz gauzatu. Horregatik, otsailaren 1ean greba mugagabera jo zuten langileek.

Akordioaren nondik norakoak

Azkenean, gaur bertan lortu dute akordioa. Lehenik eta behin, enpresa arloko hitzarmena da, eta Pascualek nabarmendu du edukia betetzera derrigortuta dagoela zuzendaritza. Halaber, lan erreformek ezarritako  "neurri atzerakoienak" desaktibatzen ditu, eta horren ordez ultraktibitate mugagagabea eta borondatezko arbitrajea ezartzen dira. Lan hitzarmenak bi urteko iraupena du eta batez beste %10eko soldata igoera ezartzen: batetik, lehen urtean soldata taulak ezartzen dira eta lehen aldiz, aintzinatasuna aintzat hartzen da eta gaueko orduak ordaintzen.

Gainera, 24 lanordu murriztuko dira bi urtez, eta urteko egutegia izango dute langileek. Pascualen arabera, hori zen langileen aldarrikapen nagusietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.