‘Margolaria’ filma hilaren 22an estreinatuko dute zinema aretoetan

Mikel Urdangarin abeslariaren bizitza ardatza hartuta ondu du lana Oier Aranzabal zinegileak. Martxoaren 22an estreinatuko dute filma Euskal Herriko hainbat zinema aretotan. Aurre estreinaldia gaur egingo dute Bilboko BBK aretoan, 19:30ean

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko martxoaren 12a
14:32
Entzun

Oier Aranzabal zuzendariaren hitzetan, “helburuak beteta” estreinatuko dute Margolaria filma zinema aretoetan. Batetik, filma bukatzea zuen xede nagusi Aranzabalek, eta bestetik, “gustura” bukatzea. Ondoren etorri dena “opariak” izan direla dio. Opari horiek dira berarentzat aretoetako aurkezpenak. Izan ere, hilaren 22an egongo da ikusgai Margolaria Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Donostiko zine aretoetan. Gerora, Madrilen eta Bartzelonan ere erakutsiko dute.

Filma iazko Zinemaldian pantailaratu zuten lehenengoz, eta lehen emankizun hura “luxua” izan zela dio zuzendariak. Era berean, garaiko urduritasuna eta tentsioa ditu gogoan, eta oraingoan beste lasaitasun batekin ikusten du aretoetara saltoa: “Zinemaldia izan zen bizkar zorro askatu eta hustea, oraingoan gabe gatoz. Askoz lasaiago gaude”.

Prozesuari ere erreparatu dio Aranzabalek, aspaldi hasitakoaren amaieraren atarian. “Ia hiru urteko prozesu bat izan da honaino iristea, eta azkenengo pausua estreinaldiarekin emango dugu”. Bat datoz zuzendaria eta protagonista pelikula “bidaia bat” izan dela esaterakoan. Urdangarinek ibilbidearen bere zatia bukatutzat jo du. "Grabazioaren azken egunean eta Zinemaldian aurkezterakoan sentitu nuen nire bidaiaren bukaera zela: hortxe nabaritu nuen bi urte luzeko bidaia sakona eta emankorraren amaiera. Orain artekoa baikorra izan da bizi izan dudana, baina orain filmari dagokio bere bidea egitea”. Aranzabalek azaldu du Urdangarin kontakizunaren “gidaria” dela eta beste zenbait ahotsekin batera osatzen dela “artistaren ahotsa” filmean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.