'Brexit'-a

Komunen Ganberak atzera bota du berriz Mayk EBrekin egindako ituna

242 boto izan dira akordioaren alde, eta 391 aurka —149 botoren aldea da, urtarrileko bozketan baino txikiagoa—. Mayk azaldu duenez, akordiorik gabeko brexit-aren inguruan bozkatu behar du bihar Komunen Ganberak, eta, hura baztertuko balute, irteera data atzeratzeaz. "EBk egin du bere esku zegoen guztia", esan du Michel Barnier negoziatzaileak.

Teheresa May, gaurko eztabaidan. EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 12a
07:10
Entzun

Londresek eta EB Europako Batasunak adostutako dibortziorako akordioa atzera bota du Komunen Ganberak. 242 boto izan dira alde, eta 391 aurka. Joan den urtarrilaren 15eko bozketan ere diputatuek zaplaztekoa eman zioten Mayk Bruselarekin egindako itunari —230 botoren aldeagatik baztertu zuen parlamentuak—. Beraz, bi aukera ditu Erresuma Batuak epe motzean: akordiorik gabeko brexit-aren alde egitea, edo epeak atzeratzeko eskatzea. Bigarren aukera horri buruz hitz egin du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak: "Eskaera arrazoitu bat balego, hogeita zazpiek [EBren kide diren estatuek] aztertuko lukete eta aho batez erabaki. Justifikazio sinesgarri bat espero dugu".

Bozketa egin ondoren hartu du hitza Theresa May lehen ministroak, eta aurreratu du berak ezezko botoa emango duela bihar, akordiorik gabeko brexit-aren inguruko bozketan. Kontserbadoreek boto askatasuna izango dute. Jeremy Corbin Alderdi Laboristaren buruzagiak, berriz, hauteskundeak eskatu ditu, eta kritikatu du Mayk badakiela zer kalte egin dezakeen adostu gabeko irteera batek. Laboristen plana azaldu du: "Aduana batasun negoziatua, merkatura sarbidea eta eskubideen babesa".

Michel Barnier brexit-erako EBren negoziatzaileak argi hitz egin du emaitza jakin ondoren: "EBk egin du bere esku zegoen guztia irteera adostu bat onartzen laguntzeko. Impasse egoera hau Erresuma Batuan soilik konpondu daiteke. Akordiorik gabeko egoera baterako gure prestaketak inoiz baino garrantzitsuagoak dira orain".

Bozketaren aurreko eztabaidan, Theresa May lehen ministroak ohartarazi du, ezezkoa irtengo balitz, brexit-a bertan behera geratzeko arriskua legokeela. "Pragmatismoa" eskatu die diputatuei: "Politika arduratsuak pragmatismoa behar du. Arriskuak eta etekinak orekatzea da kontua".

Akordiorik gabeko irteera edo atzerapena

Zer aukera daude orain? Gaurko bozketa galduta, hasteko, toki zailean geratu da May. Izan ere, bi aste pasa baino ez dira gelditzen duela bi urte adostutako epemuga betetzeko. Lehen ministroak baieztatu duenez, akordiorik gabeko brexit-aren inguruan bozkatuko du bihar Komunen Ganberak, eta hori baztertzea erabakiko balute, irteera data atzeratzeaz bozkatuko lukete etzi. Baiezkoa aterako balitz, Londresek eta EBk zehaztu beharko lukete noiz arte luzatu Lisboako Ituneko 50. artikulua.

Mayk esana dauka ez duela prozesua asko luzatu nahi. Hori bai: luzatzea erabakiko balute, ezin da baztertu bigarren erreferendum bat egiteko aukera, ez eta beste akordio bat adostekoa ere. Gaurko eztabaidan azaldu duenez, "planik gabeko" brexit-ak arriskuan jarriko lituzke Erresuma Batuko inbertsioak: "Eta ez luke eztabaida aldatuko. Sinpleki, EBren kontrolpera pasatuko litzateke". Michel Barnier EBren negoziatzaileak ere egin die ohartarazpena Komunen Ganberako diputatuei, bozketa baino lehen: "Onartuko didazue argia izatea: brexit-erako ituna da trantsizio epe baterako legezko oinarri bakarra. Akordiorik ez egoteak esan nahi du ez dela trantsiziorik egongo".

Azken orduko moldaketak

Agertoki hori saihesteko intentzioarekin, lehen ministroa bera Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bildu zen atzo gauean, Estrasburgon. Bilera horretan, akordioa lortu zuten Irlandako mugarako ezarritako backstop protokoloari eman beharreko interpretazio juridikoaz. Junckerrek eta Mayk azaldu zutenez, "aseguru poliza" baten gisako erreminta ezarriko dute mugarako protokoloa loteslea izan dadin —hitzarmenak 1998ko bake akordioak errespetatzen ditu Bruselaren iritziz, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga bat altxatzea baztertzen duelako—,  eta horrez gain, merkatu batasuna bermatzen du.

Mayk nabarmendu zuen Erresuma Batuko Parlamentuak eskatutakoari erantzuten diola neurriak. Junckerrek, berriz, ziurtatu zuen ez dela brexit-erako akordioa negoziatzeko hirugarren aukerarik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.