KPI

Inflazioak gora egin du, erregai eta elikagai garestiagoen ondorioz

Prezioak duela urtebete baino %1,4 handiagoak dira, Hego Euskal Herrian.

Monika del Valle/Foku

Iker Aranburu -

2019ko martxoak 13

Urritik urtarrilera iraun du inflazioaren jaitsierak. Tarte horretan, %2,2tik %1era jaitsi zen urte arteko inflazioa, hein handi batean, erregaiak merkatu zirelako. Baina Brent upelak merkatzeari utzi ahala, inflazioak jaisteari utzi dio.

Otsailean, %0,4 igo dira prezioak Hego Euskal Herrian. Garraioak atala izan da inflazionistena, hots, gasolinaren eta gasolioaren gorabeheren menpekotasunik handien duena: INEren arabera, Nafarroan %1,4 handitu da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %1,6.

Haren atzetik pisu handiko beste atal bat garestitu da nabarmen, elikagaiena eta edari alkoholdunena: %0,5 Nafarroan, eta %1,1 beste hiru lurraldeetan. Elikagaien artean, batez ere barazkiak eta fruta garestitu da.

Merkatu egin dira, berriz, jantziak eta oinetakoak (-%1,2).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna