Sindikalgintza

Muñoz: “Batzuek diote idazkari nagusiarekin arazoak dituztela; ez, arazoa ELArekin dute”

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak azken agerraldi publikoa egin du apirilaren 5eko ezohiko kongresuan erretiroa hartu aurretik. “Egin behar duguna egin dugu, errealitatetik aldendu gabe borrokatu; sindikatua eraginkorra da gure jendearentzat”.

jarraia163937.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 13a
18:03
Entzun

Azken prentsaurrekoa eman du gaur goizean Adolfo Muñozek ELAko idazkari nagusi gisa, eta ohi, duen legez, aho bizarrik gabe aritu da: “Autoritarismo handia dago. Urkullu eta Bolsonaro ez dira berdinak, baina, hemen, buletin ofizial bidez indargabetu nahi dute gure sindikatua”. Testuinguru hori larria iruditu zaio, azken urte hauetan eskuina gero eta erosoago dabilelako gobernatzen. “Europan osatu dute marko instituzional bat, eta, edozein alderdi dela ere, erakundeetara iristen direnean, ia politika berdinak egiten dituzte. Ez diogu alderdi denak berdinak direnik, baina eskuina oso eroso dabil, eta ezkerra zentro bila dabil. Baina zentroa eskuinera mugitzen ari diren heinean, eskuin politikak egingo dituzte ezkerreko alderdiek”.

Sindikatuaren 2008ko XII. Kongresuan aukeratu zuten Muñoz idazkari nagusi, finantza krisia lehertu berritan. Denbora horretan, ELA “indartsuagoa egin da kohesio eta ideologia aldetik”. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde sindikaletan “ia mugara” iritsi direla esan du, ordezkarien %41era iritsita, eta Nafarroan %22,8 lortuta. “Hori guztia beharrezkoa izango da, neoliberalismoa eta autoritarismoa gora egiten ari delako”.

Azken 11 urte hauetan, gainera, “errealitatetik aldendu gabe borrokatu” dutela esan du, eta sindikatua “jendearentzat eraginkorra” bihurtu dela. “Kontrabotereko sindikatu batek bere oinarrietan eduki behar du indarra, eta guk hori lortu dugu”. Azken urteetan sindikatura gazte eta emakume asko sartu direlako pozik azaldu da, baina langabezia eta lan istripuek sortzen dioten tristura ezkutatu gabe. “Prekaritatea lan mundu osoan hedatzen ari da, eta erakundeak langileekin zuzenean negoziatu nahi dituzte horien lan baldintzak, sindikatua baztertuta. Antolaketa mota ororen aurka jo nahi dute, baina guk diogu kontrakoa egin behar dela”.

Apirilaren 5ean, ezohiko kongresua

Azken egunak ditu sindikatuaren buruan Muñozek. Apirilaren 5ean ezohiko kongresua egingo du ELAk Donostiako Kursaalean, 736 ordezkarirekin. Maiatzean 60 urte beteko ditu idazkari nagusiak, eta, sindikatuaren estatutuen arabera, ordezkariek 59 urterekin utzi behar dute kargua. Batzorde eragilean aldaketak ekarriko ditu haren erretiroak, eta horregatik erabaki dute ezohiko kongresura deitzea.

Idazkari nagusi kargurako Mitxel Lakuntza proposatu du egungo sindikatuko nazio batzordeak, azken hamabi urteetan Nafarroako arduraduna izan dena. Muñozek batzorde eragilean utziko duen hutsunea beteko du Maialen Aranburuk.

Ivan Gimenez komunikazio arduradunak emandako datuen arabera, kongresuan parte hartuko duten ordezkarien %45 emakumeak izango dira —duela bi urtekoan %42 izan ziren—, eta parte hartuko dutenen adina 42 urte izango da. “Azken urteetan adin horretan dago batez bestekoa; beraz, sindikatua gaztetzen ari dela esan daiteke”. Indar Betean lelopean egingo dute kongresua, eta duela bi urte egin zen kongresuko txostenari hiru ebazpen txertatuko dizkiote: eskuin muturraren gorakadari lotuta gizarteak behar duen eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoari buruzkoa izango da lehena; lan baldintzen prekarizazioari buruzkoa bigarrena; eta burujabetza prozesuari buruzkoa azkena.

Azken ebazpen horretan, Leire Txakartegi planifikazio estrategikoko buruak esan du “estatuarekin ez dagoela aldebikotasunerako aukerarik”, eta, horregatik, ezkerretik prozesu subiranista bat abiatzeko beharra dagoela. “Erakundeen aldetik pultsu falta ikusten dugu, eta ezinbestean prozesuak ezkerretik abiatu beharko du”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.