'Brexit'-a

Lau botoren aldearekin, akordiorik gabeko ‘brexit’-a atzera bota du Komunen Ganberak

Baldintzak edozein direla ere, akordiorik gabe EBtik irtetearen kontra eman dute botoa 312 diputatuk; 308k, aldiz, aukera horren alde egin dute. Adostutako irteerari ezezkoa eman zioten atzo, eta EBtik ateratzeko epea atzeratzeaz bozkatuko dute.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan egindako osoko bilkuran. EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 13a
07:26
Entzun

Adostutako brexit-ik ez, eta adostu gabekorik ere ez. Bi aukerei ezezkoa eman die Erresuma Batuko Komunen Ganberak. Gaurkoa, ordea, emaitza estua izan da: 312 diputatuk egin dute akordiorik gabeko brexit-aren aurka; 308k, aldiz, alde. Spelman / Dromey emendakina da gaur bozkatu dutena —bi diputatu horiek aurkeztu zuten, eta gobernuaren proposamenari gehitu diote—; hau da, "edozein unetan eta agertokia edozein dela ere", akordiorik gabeko brexit-a onartu ala ez. Ezezko jarrera gailendu da, lau botoren aldearekin.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari ahotsik ere ez zaio geratzen dagoeneko. Atzoko kolpearen ondoren —Londresek eta Bruselak backstop-ean aldaketa batzuk adostu arren, brexit-erako akordioaren aurka bozkatu zuen, berriro, Komunen Ganberak—, Mayren nekearen eta eztarri urratuaren ondorioz, Michale Gove Ingurumen ministroak hartu du haren lekua gaurko eztabaidan. Bozketaren emaitza ez da aldatu, ordea; espero zen bezala, ezezkoa eman dio Komunen Ganberak akordiorik gabe EBtik irteteari —ezezkoa eskatu zuen atzo Mayk berak ere—.

Govek azaldu duenez, epeak atzeratzeko ez ezik, "alternatiben" inguruan ere bozkatuko dute. Ez du zehaztu zer aukerei buruz ari zen. EBko agintariak, dena den, estu hartzen ari dira Erresuma Batukoak. Epeak atzeratu, "zertarako?". Horixe galdetu du, esaterako, Michel Barnier EBren negoziatzaileak: "Negoziazioa atzeratu, zer egiteko? 50. artikuluari buruzko negoziazioa bukatuta badago, zertarako?". EBko estatu-kideen irteera arautzen du Lisboako Ituneko 50. artikuluak.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere aitortu du "aukera gutxiago" daudela atzoko bozketaren ondoren. "Irteera ordenatua jarraitzen du gure interesekoa izaten". Zaila ematen du, ordea. Frans Timmermans Europako Kontseiluko presidenteordearen hitzetan, Komunen Ganberako dipuatuak dira “orain norantz joan behar den” esan lezaketen bakarrak. EBk egin duela bere esku zegoen guztia, alegia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.