Angel Berrueta omendu dute, hilketaren hamabosgarren urteurrenean

Iruñeko okina zena omendu dute Donibane auzoan. Senideek PPren gobernuari egotzi diote "errua", gizartea "berotu" zuelako. Kontxi Sanchiz ere gogoan izan dute.

Berruetaren eta Sanchizen irudiak, gaurko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 13a
07:25
Entzun

Hamabost urte bete dira gaur polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta iruindarra hil zutenetik, eta, urteroko legez, omenaldia egin diote iluntzean Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean, haren okindegiaren aurrean, 15 urte bihotzean, aitortzaren borrokan lelopean. Euripean, dozenaka lagun elkartu dira Berrueta oroitzeko ekitaldian. Urteotan jasotako elkartasunarengatik eskerrak eman ditu Mari Carmen Mañasek, Berrueta zenaren alargunak, eta haren alaba Aitziber gogor mintzatu da PPren aurka, haren aita zenari zuzenduz: "Espainiako Gobernuaren erruz hil zintuzten, gizartea berotu zuelako esanez martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituela. Garrantzitsuagoa zen hori esatea, atentatuan hildako pertsona guztiez kezkatzea baino".

Musika emanaldi batekin ekin diote omenari, eta ondoren hartu zuten hitza ama-alabek. Aurresku bat dantzatuz amaitu da ekitaldia. Bertara joandako herritarren artean egon dira ordezkari politikoak ere; esaterako, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Geroa Bai eta Ahal Dugu-Orain Baiko kideak ere egon dira. Hainbat urtez, instituzioen ahanztura izan zuen Berruetaren hilketak, baina, 2016an, Iruñeko Udalaren ordezkaritza batek parte hartu zuen estreinako aldiz. Izan ere, urte horretan Berrueta izaera politikoko biktima izan zela aitortu zuen udalak. "Egiaren berrezarpena eta erreparazioa, udalari dagozkion bezala" ematea adostu zuen orduan Iruñeko Udalak, eta aurkako botoa eman zuten UPNk eta PSNk.  

2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondorengo testuinguruan gertatu zen Berruetaren hilketa, martxoaren 13an. Biharamunean egitekoak ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta PPk erabaki zuen atentatua ETAri leporatzea, nahiz eta ordurako frogek seinalatu atzean Al-Qaeda zegoela. Intoxikazio kanpaina haren erdian, Valeriano de la Peña poliziaren emaztea, Pilar Rubio, Berruetaren okindegian sartu zen, eta ETA ez zioen kartela eskegi nahi izan zuen. Berruetak ez zion utzi, eta ondoren De la Peña aita-semeak jaitsi ziren okindegira eta labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta. 2005ean, Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela ebatzi zuen zinpeko epaimahaiak, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak Valeriano de la Peña poliziari hogei urteko zigorra ezarri zion, eta hamabostekoa Miguel Jose de la Peña semeari. 2014ko apirilaz geroztik, baldintzapean aske da Miguel Jose de la Peña.

Protesta ugari eragin zituen hilketak, eta horietako askotan manifestarien aurka egin zuten poliziek. Baina Hernanin (Gipuzkoa) Ertzaintzak egindako oldarraldiak utzi zuen ondorio larriena: babes bila atari batean sartu eta bihotzekoak jota hil zen Kontxi Sanchiz. Haren irudia Berruetarenaren ondoan jarri dute gaurko omenaldian, eta bien argazkiak joaldunen eskuetan eta horien joare hotsen artean iritsi dira ekitaldira. Ohi bezala, Berruetaren senideekin izan dira Sanchizenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.