Aseguru etxeak

Bizkaian 37 pertsona ikertzen ari dira aseguru etxeei iruzur egitea egotzita

Segurtasun Sailak adierazi duenez, 122.000 euro inguruko iruzurra egin dute, gezurrezko trafiko istripuen bidez.

Errepide istripu bat, artxiboko argazki batean. EFE
2019ko martxoaren 14a
12:53
Entzun

Ertzaintzak azken urtean abiatutako ikerketak atera du iruzurra argitara. Bilbo, Barakaldo, Getxo eta Durangoko auzitegiak 37 pertsona ikertzen ari dira, aseguru etxeei 122.000 euro inguruko iruzurra egitea leporatuta. Iazko urte hasieran abiatu zuten ikerketa, aseguru etxe bateko ordezkari batek aurkeztutako salaketan oinarrituta.

Bi eratara egiten zuten iruzur. Batzuetan, alokairuko ibilgailuak erabiltzen zituzten istripuak eragiteko, aurrez ahalik eta estaldura zabalena zuen asegurua kontratatuta, kalte-ordaina ahalik eta handiena izan zedin. Istripua izan eta egun batzuetara, ustezko biktimak larrialdietara joaten ziren, eta, jarraian, Traumatologia Sailera, errehabilitazioa jasotzera. Kalte-ordainak jasotakoan amaitzen zen prozedura guztia.

Beste batzuetan, ustezko iruzurgileek bigarren eskuko ibilgailu bat erostea adosten zuten, eta, asegurua oraindik lehenengo jabearen izenean zegoenean, eta administrazioko tramiteak hasi aurretik, istripu bat eragiten zuten. Ondoren, berriz ere, istripuan zerikusia izan zuten beste gidariekin akordioa hitzartu, eta berriro ere larrialdietara jotzen zuten, jarraian kalte-ordainak jaso ahal izateko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.